Etorkinak dira Nafarroako Nekazaritza Planean enplegatutako gehienak

UAGN, UGT, CCOO eta NEZren ustez, «asko hobetu dira laborantzako langileen lan baldintzak»

Berria, 23-01-2007

erredakzioa

Iruñea

Nafarroan nekazaritza sektorean lan egiten duten beharginen egoera arautzea helburu duen Nekazaritzako Enplegu Planaren urteko memoria aurkeztu zuten atzo, NEZ Nafarroako Enplegu Zerbitzuko eta UAGN, CCOO eta UGT sindikatuetako arduradunek. Haien esanetan, orotara, 5.011 lanposturi eragiten zien 1.934 eskaintza jaso zituzten 2006an, eta «oso baikortzat» jo zituzten emaitzak, «enpresaburuek eta langileek aipatu ekimenean jarri duten konfiantzaren» isla direlako.

Jasotako 1.934 eskaintzetatik 675, mahats bilketarako izan zirela azaldu zuten (1.869 lanpostu); 570, barazki eta berdura kanpainarako (1.325 lanpostu ) ; 233, fruta bilketarako (615 lanpostu); eta 192, zainzuri bilketarako (683 lanpostu). Gainerako eskaintzak, berriz, tomate, piper eta oliba kanpainetarako eta abereak zaintzeko ei ziren.

Lanpostu ia guztiek %95 Erriberagoitia, Erriberabeitia eta Estellerria zituzten kokaleku, eta oro har, prestakuntza maila eskasdun gizonezko hegoamerikarrek bete zituzten. Gehienak ekuatoriarrak ziren, baina, bazeuden marokoar eta portugaldarrak ere.

Urteekin, aldatzen ari ei da Nafarroan nekazaritza sektorean lan egiten dutenen jatorria. Lehen, Espainiatik etorri ohi ziren gehienak. Orain, aldiz, 20 nazionalitate desberdinetako jendea elkartzen da. «Horrek guztiak agerian uzten du nekazaritza sektoreko lanpostuen gogortasuna», CCOOren ordezkari Jose Mari Molineroren hitzetan. «Eta askok oso iraupen laburra izaten dute, gainera». Hori da laborantzan jarduteko hautua hain nafar gutxik egiteko arrazoia.

UGT eta CCOOren esanetan, Nekazaritzako Enplegu Planak langile beharrak asetzeaz gain, nekazaritzako langileen lan baldintzak eta bizi kalitatea asko hobetu ditu. Horretarako, lan eskaintzak eta eskariak bideratzea baino lan handiagoa egin da, ordea. «Beharginei laborantzari eta sektoreko lan itunari buruzko informazio zabala eman zaie, eta eskaintza horien jarraipena ere egin da, enpresaburuek agindutakoak bete dituztela ziurtatzeko».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)