Aminen ezkontza baliogabetu edo ez ebatziko du bihar auzitegiak
Berria, 21-01-2007aitor renteria
Baiona
Baionako auzitegiak Fatima Aminen kasua aztertu beharko du bihar. Aminek salaketa ezarri du Baionako auzitegiko prokuradorearen aurka. Sadik Lazzi etorkin marokoarrak eta Fatima Aminek ezkontza eskaria egin zuten Baionako Herriko Etxean iazko urrian. Prokuradoreak susmagarri iritzi zion ezkontzari, eta baliogabetu egin zuen. Horren ondorioz Aminek auzitara eraman du prokuradorea, eta ezkontza balioztatzeko eskatzen dio.
Legeak eskatzen duen bezala, Sadik eta Aminek ezkontza eskaria egin zuten Baionako Herriko Etxean. Urriaren 24an Dufrene – Bordattok galdeketa egin zien Herriko Etxearen izenean. Ezkontzaren interes bakarra Sadik agiriak lortzea zela iritzi zion. Urriaren 27an Jean Grenet Baionako auzapezak gutun bat idatzi zion prokuradoreari erabakia har zezan, afera haren eskutan utziz.
‘SARKOZY LEGEAREN’ GAUZATZEA. «Baionako auzapezak Sarkozy legea baliatu du borondatez jin zaion bikote bat legearen susmopean ezartzeko eta ezkontza baliogabetzeko susmo soil horretan oinarrituz», dio Alain Larrea Aminen abokatuak. Sadik Baionako prokuradoreak jarri hitzordura joan zen, eta hark ebazpenaren beha etxean egoteko agindu zion. Bertan atxilotu zuen Poliziak eta Marokora egotzi zuen iazko azaroaren 28an.
Hilabete batez ezkontza baldintzapean utzi zuen prokuradoreak, eta, ondoren, baliogabetu . «Prokuradorearen erabakia ezeztatzeko eta ezkontzari zor dion balioa onartzeko eskatuko diogu prokuradoreari», azaldu du Larreak.
(Puede haber caducado)