Larrepetit Leire Bilbao
Zergatik?
Berria, 17-01-2007Zergatik?
Martin, zazpi urteko mutikoa da. Sortzez, bulgariarra. Gurasoek, iazko apirilean, ume biak hartu, sorterria utzi eta bizimodu hobe baten bila mendebaldera egin zuten. Abiatu zirenean Euskal Herriaz ezer ez zekiten. Bazenik ere ez. Ez zekiten umeek han ikasitako gaztelania apurrak ez ziela hemen askorako balio izango. Gaur, klaseak amaitu orduko ikastola atarian bere gustuko ogitartekoa eskuan, zain izango du ama.
Daniela zortzi urteko neskatoa da. Sortzez, kubatarra. Aitaordea Kuban ezagutu zuen lehen aldiz, eta ama eta biak bere herria ezagutzera gonbidatu zituenetik Bizkaiko itsasbazterreko herri txiki batean bizi dira. Orain dela bi urte jaio zen bere ahizpa txikia eta euskaraz jolasten da harekin.
Salyren gurasoak senegaldarrak dira. Bere amak soineko luzeak eta ilea trentzatxoekin batuta ibiltzen du; Salyk gurago ditu praka bakeroak. Handitzean kantaria izan nahi du. Etxean zein ikastolan iraka – tsitako kantu mordoa daki. Ikastolatik, bere anai – arrebekin batera saltoka eta kantuan joaten da etxera.
Saly euskalduna da, Martin eta Daniela bezala. Ikasgela berean daude hirurak, beste hogei lagunekin batera. Egunotan, aniztasunaren gainean lan bat egiteko elkarrizketatu dituzte. Pozik al dagoen, lagunak al dituen, herria gustuko duen galderei baietz erantzun die neskato senegaldarrak. Ondoren, «Zergatik egiten duzu euskaraz?» galdetu dio elkarrizketatzaileak umeari. Segundo bat behar izan du umeak. «Zergatik ez dut egin behar ba?»
(Puede haber caducado)