joseba bidaurrazaga Artxandako funikularreko teknikaria

«Etorkinek berreskuratu dute Artxanda aisialdirako, familiarekin joateko»

Berria, 16-01-2007

M.C.

Bilbo

Artxandako funikularreko behargin beteranoenen artean dago Joseba Bidaurrazaga (Getxo, 1956); izan ere, 1983. urtean hasi zen lanean, zerbitzua berriro martxan jarri baino hiru hilabete lehenago. Milaka aldiz egin du bi geltokien artean dagoen 770 metroko bidea, gora eta behera, bagoietan.

Egungoa ederki ezagutzeaz gain, funikular zaharra ere erabiliko zenuen inoiz, ezta?

Askotan etortzen nintzen, bai. Lehenengo eta behin, Bilbora zetorren jende guztiak hartzen zuelako, eta batez ere nire garaian, Nogaro izotz pista zegoelako Artxandan. Zerbitzua urte luzez eten zutenean, pixkana motelduz joan zen Nogaro, eta funikularra berriro ireki zutenean oraindik zabalik zegoen arren, azkenean itxi behar izan zuten.

Nolakoa zen, egungoarekin alderatuta. funikular zaharra?

Desberdintasun ugari dago, baina egia da gehienek kanpokoa baino ez dutela ikusten. Egurrezko karrozeria zuen, mende hasierakoa. Ederra zen, eta, atzera begira, penagarria da apurtu izana. Halako gauzak hobeto zaindu beharra dago. Teknikoki ere izugarria zen funikular zaharra.

Artxandako geltokian ikus daiteke funikular zaharraren makineria.

Bai, polea nagusia jarri zuten funikular zaharraren oroigarri goiko geltokiko plazan. Adituek badakite zer-nolako kalitatea duen suitzarrek eginiko altzairuzko polea horrek. Gaur egun ez da halakorik egiten. Urte luzez lan egin zuen pieza horrek, baina ez zaio inolako kalterik antzematen. Betiko iraun zezaten fabrikatzen zituzten gauzak orduan, erabilgarritasuna zen helburua.

Arazo gehiago ematen al du berriak ?

Tresna elektronikoak dituzte egungo makinek, eta, ondorioz, eguraldiarengatik edota energiarekin arazo txikiak daudenean, gelditu egiten dira. Hala ere, esan bezala, balazta sistemari eta bestelako segurtasun neurriei dagokienez, hobea da gaurkoa.

Bateria sistema berriak bagoiak bidearen erdian gelditzea galaraziko ei du.

Bidaiariek larritasun unerik ez dute izango aurrerantzean, bagoiak ez baitira bidearen erdian geldituko. Langileok badakigu horrela egoteak arriskurik ez duela, baina, askorentzat, itogarria da. Maldan daudela ikusita, urduri jartzen dira. Bateria sistemak halakoak galarazteko jarriko dituzte.

Gutxitan bada ere, inoiz gertatu da bidaiariak barruan zeudela bagoiak bidean gelditzea.

Garraio guztietan gertatzen dira halako geldiuneak, baina autobus batean edota metroan ez bezala, hemen ez dago atea ireki eta, besterik gabe, bidaiariak ateratzeko aukerarik, gauzak konpondu arte itxaron beharra dago.

Ia milioi erdi bidaiarik erabili zuten iaz Artxandako funikularra. Bilbon ez da ohikoa metroa ez den beste garraio batek bidaiariak irabaztea.

Askok ez dakite noraino izan daitekeen erabilgarria funikularra. Bilbora errepidetik datorren jendea denbora asko ematen du hiriko sarreretan. Gero eta lagun gehiago konturatzen ari da, alabaina, errazagoa dela autoa Artxandan uztea eta funikularrean jaistea. Erosoa da, 15 minuturik behin dago zerbitzua, eta hiru minutuko bidaia besterik ez da. Aparkatzeko tasak eta ilarak ahazteko modurik onena da.

Askok, ordea, erabat ezezaguna dute .

Inon ez da funikularra iragartzen, eta, nolabait, bakartuta gaudela ematen du, ahaztuta.

Turismoaren gorakadak zerikusirik al dauka bidaiari en gorakadan?

Gero eta turista gehiago etortzen da Bilbora, eta Artxanda hiriko behatokirik onena da. Atzerritarrak ez ezik, bertoko eta inguruko herrietako jendea ere etortzen da, inoiz erabili ez dutelako edota Artxandara aspaldi igo ez direlako.

Aisialdirako erabiltzen al dute bilbotarrek oraindik mendia?

Gauza bitxia gertatzen ari da, etorkinek berreskuratu dute Artxanda aisialdirako, familiarekin asteburuetan joateko, bertan, bazkaldu eta atseden hartzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)