Muga berriak Europan
Berria, 14-01-2007Asier Santillan
Giza eskubideen Kosovoko begiralea
Hegoaldeko Balkanetatik Europar Batasunaren (EB) mapa berria ikusten denean inguraturik egotearen sentsazioa dago. Bulgariaren sartzearekin, Grezia Hungariarekin lotzen da, eta eskualdea, zulo beltz batean egongo balitz bezala, Europaren mugetatik kanpo gelditzen da. Aparte, bakartua, inoiz baino hobeto mugatuta dagoela esan genezake.
Mugaren kontzeptuak nahiko konnotazio negatiboa du euskaraz, muga hitza mugatzetik baitator. Edo batek daki; agian, alderantziz da eta mugatzea muga hitzetik dator. Nola edo hala muga hitzak itxiaren eta murritzaren kontzeptuak azaltzen dituela dirudi. Mugak lurraldekoak, itsasokoak, politikoak, psikologikoak, kulturalak, erlijiosoak, mota anitzekoak izan daitezke. Bulgaria eta Errumania EBn sartzearekin, agian, hainbat muga fisiko apurtu dira, baina psikologikoak erortzeko, denbora gehiago beharko da, bi estatu hauen lurraldeak 395. urtean, Teodosio I.a hiltzean, Ekialdeko Erromatar Inperioaren pean gelditu baitziren, hau da, mendebaldean bizi garenontzat gure Europatik at, Polonia, Eslovakia edota estatu baltikoen kasuan gertatzen ez zen bezala.
Jean Brunhes eta Camille Vallaux geografo frantsesek 1921. urtean idatzi zuten bezala, mugak militarrek eta estatu gizon – emakumeek herriak zapaltzeko sortuak izango lirateke; beraz, galdera ikur askorekin ongietorria eman diezaiogun horma zahar honen erorketari eta ongietorria berezko Ekialdeko Europatik EBra sartu berriak diren lehenengo bi estatuei.
Karakatxaniak edo ahari beltzak gaur egun Bulgarian bizi den herria dira, eta bere garaian gaurko Grezia, Mazedonia eta Bulgariako mugen gainetik harat eta honat nomaden antzera abeltzaintzan ibiltzen ziren, II. Mundu Gerrak eta Altzairuko Oihalak beraien bizimodua akabatu zuten arte. Baina karakatxaniek gaur muga apurtuta ikusten dute, eta nomaden modura jada ez ibili arren, libertate osoz Greziara joateko aukera dute beren bideak, kultura eta ohitura zaharrak berreskuratzeko aurrerapauso ederra emanez.
Hungariaren eta Errumaniaren arteko mugaren erorketak ere Transilvaniako hungariarrentzat etorkizun berria zabaldu du. Ceaucescuren garaian errepresio gordin baten azpian zapaldua izandako herriak Hungariako herrikideekin gaur igarobide librea du, eta magiar herriek, Eslovakia eta Eslovenian dituzten komunitateekin bat eginda, muga politikoen gainetik nolabaiteko askatasuna eta batasuna lortu dute. Muga kulturalak sendotzeko, beraz, aukera errepika ezina eskuratu dute.
Bulgaria, Errumania eta, besteak beste, Grezia ez dira gutxiengo nazionalen eskubideak defendatzeko eredu bezala erabil daitezkeen estatuak, baina EBren bidean jarri zirenetik hobekuntza interesgarriak gauzatu dira. Bulgarian behintzat erromanien segregazio egoeraren aurkako borrokan, eta bereziki hezkuntzaren arloan, hobetze interesgarriak izan dira, baina egoera hain da larria, ze bide zuzenetik eramandako edozein ekimenek sekulako eragina izan dezake. Gutxiengo turkiarraren kasua, berriz, desberdina da oso. Eskubideen eta Askatasunaren aldeko Mugimendua Bulgariako musulmanen ordezkaria da, herrialdearen hirugarren alderdi politikoa da eta azken urte hauetan gobernuaren giltza eduki du beti, eta etorkizunean, ikuspegi etniko batetik hitz eginda, Europako Parlamentuan ordezkaritza izango duen lehen alderdi musulmana (ez islamista) izango da, eta beste erlijio muga bat apurtuko da orduan.
Guregan Balkanak gehienetan Jugoslavia ohiarekin identifikatzen ditugu, baina Bulgaria eta Errumania, Greziarekin bat eginda, Balkanen bihotzean sortutako estatuak dira. Balkanen inguruan idazten duten sasi historialari asko beti sarraskiez eta herri desberdinen arteko liskarrez mintzatzen dira, Europaren eta Asiaren arteko muga, edo hobe esanda, zibilizazioaren eta kaosaren arteko muga nonbait hemen egongo balitz bezala. Gerra dezente izan dira eskualde honetan, gehienbat XIX. eta XX. mendeen hasieran. II. Mundu Gerra eta Jugoslaviaren desintegrazioaren inguruan izan diren gerrek, gainera, ikuspegi hori sustatu dute, eta Balkanak orokorrean toki beltz eta negatibo bezala ulertuak dira. Mugak eskualde honetan gehiegi aldatu izan direla diote askok, baina beste askok oraindik ez daude gaurko mugen demarkazioarekin kontent. Hala ere, badirudi EB Balkanetara iristearekin, nolabaiteko oreka bat ekar dezakeela.
Ea horrela den. Hil honen 21ean Serbian hauteskunde orokorrak dituzte, eta, besteak beste, hauteskunde horien arabera ikusiko da, batetik, Kosovorekin zer gertatuko den eta, bestetik, Serbiaren bakartzea behin betiko amaitzen den.
Vojislav Seselj gerra kriminalaren alderdia botoen %40ra irits daitekeela diote inkesta ezkorrenek, baina espero dezagun hala izan ez dadila. SRS alderdi ultra indartsu batek Serbiaren etorkizuna hipotekatu baitezake, besteak beste Serbia Handiaren aldeko gerraren mehatxua mahai gainean jartzen jarraitzen baitu.
Dena den, teorian demokratikoak diren eta gobernuan dauden alderdiek hauteskundeak irabaziz gero, gerra kriminalen inguruan beren jarrera aldatu beharrean daude. Serbiaren etorkizuna ezin baita Mladic eta Karadzicen antzeko gerra kriminalen esku utzi, biak Hagara eramanak eta epaituak izan behar dira. Bosnia eta Hertzegovina, Montenegro, Mazedonia, Serbia eta Kosovo oraindik EBtik kanpo daude, bi horien antzeko kriminalek Europako mapetatik atera zituztelako, eta ulertezina litzateke berriro atzerapausoak ematea. Balkanekin muga duen Trieste hiriko seme den Claudio Magris idazle italiarrak behin «mugak gizaseme – alaben sakrifizioak eskatzen dituzten idoloak dira(la)» idatzi zuen, baina Europak nahikoa izan duela dirudi, gaur indarkeria erabiltzea Europako mapetatik at egotea esan nahi baitu.
Hungariatik Donostiara zetozen garai bateko galdaragileen oinordekoak dira gaurko europar herritar asko. Garai batean, XIX. mendeko nazio estatuaren teoriak errealitate bihurtu baino lehen, mugak hain zorrozki itxiak ez zirenean, Hungariatik zetozen cincari – ak guregana, eta gaur Errumania eta Bulgariako europar herritarrak hurrengo udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea izango dute. Europako muga berriekin EBren erdigunetik gero eta urrutiago gaudela onartu behar dugu. Euskal Herria Europarekin aldatzen doa, eta azken hogei urte hauetan erdigunea Frantziatik Alemania aldera mugitu den heinean, gure herria EBren mendebaldeko hegian gelditu da. Europan gaur, 26.000 km luze zenbatzen dituzte muga politikoak, horietako %25 XIX. mendean edo aurrerago zedarritu ziren; %60, berriz, XX. mendean, eta 1989. urtetik aurrera 14.000 kilometro berri sortu dira. Europako historiak erakusten digu, beraz, mugak ez direla inoiz mugiezinak izan. Lan egin dezagun orduan bakegintzan eta herrigintzan eta ez soilik mugagintzan, itxaron dezagun gure unea eta ez dezagun Europaren trena gal, ez baitut etxean ere inguratua izatearen sentsazioa ukan nahi.
(Puede haber caducado)