Human Rights Watch-ek dio Espainiak ez duela asiloa bermatzen
Berria, 13-01-2007erredakzioa
Iruñea
«Etorkinak sorterrira itzuli, besterik ez du egiten». Horixe erran du Ameriketako Estatu Batuetako giza eskubideen aldeko Human Rights Watch elkarteak, Espainiako Gobernuak immigrazioaren esparruan duen politikari buruz. Paperik gabe Espainiara joaten diren etorkinen artean hainbatek asilo politikoa eskatzeko eskubidea badutela, baina Espainia ez dela eskubide hori bermatzen ari azpimarratu du New Yorken egoitza duen erakundeko zuzendari Kenneth Rothek.
Rothek agerraldia egin du Washingtonen hedabideen aurrean. Etorkinetako askok arrazoi ekonomikoak dituztela azaldu du Human Rights Watch elkarteko kideak, eta, horiek, ondorioz, ez dutela asilo eskubidea. Eskubide hori dutenei eskatzeko aukera ez die ematen Espainiako Gobernuak, Rothen hitzetan, «deus galdetu gabe sorterrira itzultzen dituelako».
1951. urtekoa da asilo eskubidea arautzen duen hitzarmena. Horren arabera, sorterritik arrazarekin, erlijioarekin, herritartasunarekin, iritzi politikoekin edo talde zehatz bateko kide izatearekin lotutako arrazoiengatik alde egiten duten pertsonek beste herri batean aterpea lortzeko eskubidea badute. Espainiak 1978. urtean berretsi zuen hitzarmen hori, eta, ondorioz, bete egin behar duela gogoratu dute AEBetako giza eskubideen aldeko erakundeko kideek.
TXOSTENA. Espainiako Gobernuak immigrazioaren esparruan dituen legeak eta martxan jarri dituen neurriak aztertu ditu Rothek zuzentzen duen elkarteak txosten batean. Agiri horretan jasotako datuen arabera, 2006. urtean 30.000 etorkin ailegatu ziren Kanariar uharteetara paperik gabe. Guztiak hartzeko arazoak izan ditu Espainiak, txostenak nabarmentzen duenez, denentzako tokirik ez zutelako Kanarietan.
Espazio faltaren ondorioz, Kanarietara bakarrik joan ziren adingabeko asko behin – behineko zentrotan hartu dituztela azpimarratu du Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak, halaber.
Bestalde, txosten berean Hego Amerikako egoera salatu du elkarte horrek, eta hango herrietan polizien gehiegikeriek gora egin dutela salatu du Rothek, kazetarien aurrean. «Gobernu askok erabaki dute mehatxuei indarkeriaren bidetik erantzutea», erran du AEBetako erakundeko zuzendariak, Washingtonen.
(Puede haber caducado)