Ibai nahasia...
Berria, 10-01-2007Leihatila
KRISTINA BERLANGA
Beste ezer baino lehen, elkartasuna adierazi nahi diet Barajasko aireportuan hildako bi lagunen familia eta senideei. Abenduaren 30etik eta gero eta gehiago, halaxe da eta, txundituta joaten naiz Euskal Herriko eta estatuko etorkin talde eta elkarteek bi hildakoen alde egindako manifestazioetara. Guztiz ulergarria da haiek atsekabetuta egotea, baina harrigarria da elkarte horien bozeramaileak etengabe agertzea egun hauetan hedabideetan; batez ere, ordezkatzen dituzten etorkinen eskubideen babesarekin zerikusia duten gaietan ez dugulako ia haien berririk eduki. Hainbat urtean urratu eta ukatu dizkiete eskubideak; oinarrizkoenak milaka eta milaka laguni, lege xenofoboen eta agintarien jarduera arrazisten bidez. Ez litzateke bidezkoa etorkinen eskubideen alde diharduten elkarte askoren lana ukatzea, baina bidegabea litzateke, era berean, aldarrikapenak eta manifestazioak urratzen dizkieten eskubideak beste direla esatea.
Gauza nabaria da, baita ere, manifestazioak eta salaketak gutxitu egin direla urte hauetan, eta lekukotza huts bihurtu; gogortu egin dira atzerritartasun legeak, eta zigortu egin da legez kanpoko izatea; horrek guztiak, noski, ondorio ugari dakarzkie milaka eta milaka laguni. PSOEren babes erabatekoarekin onartu zuten Atzerritartasun Legea, eta orain, agintean dagoela, zabaldu egin nahi du gobernurik eskuindarrenarena dirudien lege hori. Guztiok berdinak bagara, ulertezina da hain irmo eta zorrotz ez aritzea Europan sartu nahian lege hiltzaileek ezarritako mugak gainditu nahian hiltzen direnekin, lan baldintza gero eta kaskarragoetan jarduteagatik gero eta maizago gertatzen diren lan istripuetan hiltzen direnekin, edota paperik ez edukitzeagatik gizonen indarkeria ezin salatu izan duten emakumeekin.
Egun hauetan ikusten den zinismoaren erakusle da urtarrilaren 4an estatuko egunkari batean agertutako berria: Barajasko aireportuari buruzkoa da hori ere, gobernuak dioen bezala, bizimodu hobe baten bila datozen etorkin ekuadortarren ingurukoa. Berri horretan, baina, egunero Boliviako pasaportea duten 800 – 1.200 lagun heltzen direla ohartarazten du SUP Poliziaren Sindikatu Bateratuak, baina horietako asko ekuadortarrak, perutarrak eta kolonbiarrak izaten direla, boliviarrek bisarik behar ez dutela aprobetxatuta. Eta baliabide gehiago eskatzen ditu SUPek, horiek «harrapatu» ahal izateko; izan ere, gaur egun dituen baliabideekin egunero Barajasera iristen diren 60 baino ezin ditu kanporatu. Penagarria da ikustea ustez etorkin elkarteen ordezkari direnak alderdi politikoen eta gobernuen esku jartzen direla, inolako eskubiderik gabeko eskulana baino ez baitira horiek, kasurik onenean.
(Puede haber caducado)