Gutxienez 42 lagun hil dituzte tiroka, Indiako ipar-ekialdean

Assam Askatzeko Fronte Batasuna talde independentistari egotzi dizkio erasoak Poliziak

Berria, 07-01-2007

amagoia mujika

Ez ditu inork hartu bere gain Indiako ipar – ekialdean, Assamen, izandako erasoak, baina, Poliziaren arabera, Assam Askatzeko Fronte Batasuna talde independentistako (ULFA) kideak izan dira gutxienez 42 lagun tiroka hil eta bost zauritu dituztenak. Atzo eta herenegun, hamar arma eraso egin zituzten, horietarik zortzi Tinsukian, Indiaren eta Burmaren arteko mugatik gertu. Bonba bat ere leherrarazi zuten han, trenbidean. Hala ere, bonbak ez zuen hildakorik eragin. Eraso bortitzena, berriz, Sadiya herrian izan zen, Assamgo hiriburu Guwahaititik 600 kilometrora. Langile gehienak esnekien eta adreiluen sektorekoak ziren.

Indiatik Assamera lanera joandako immigranteak dira hildako gehienak, eta, Poliziaren arabera, horiek ziren haien helburua; izan ere, aspaldi ez dela, Assamgoak ez ziren komunitate guztiei handik alde egiteko eskatu zien ULFAk.

Kanpotarren kontrako erasoak ez dira berriak. 1971n hasi ziren istiluak, bi milioitik gora bengalarrek Assamera jo zutenean Pakistanen eta Indiaren arteko gerraren ostean. Kongresuaren Alderdiaren alde jarri ziren horiek, Delhiko boterearen alde, eta Assamgo independentistek ez zuten begi onez ikusi iritsi berrien jarrera. Etorkinen kontrako assamdarren kopuruak gora egin zuen 70eko hamarkadan. Indiarekin zituzten arazoak zirela – eta talde armatuak sortu ziren immigranteen etorrerarekin batera.

1979an sortu zen Assam Askatzeko Fronte Batasuna talde independentista, eta gaur egun, India ipar – ekialdean 27 talde armatu daude. ULFA bera da talderik handiena. Gehienek Indiarekiko independentzia eskatzen dute, eta beste batzuek orain duten baino autonomia handiagoa. Batez ere ekonomia arloan dira kexu Assamgoak. Tearen eta olioaren gehiegizko zergek eragin dituzte triskantza handienak azkenaldian.

1983an, 500 bengalar hil zituzten Nellien ULFAkoek, eta 1985ean emigrante gehiago ez hartzeko akordioa egin zuten, baina inoiz ez da indarrean jarri. 10.000 pertsona inguru hil dira erasoetan eta atentatuetan 70eko hamarkadatik gaurdaino.

ALERTA EGOERA. Bi egunotako erailketen ostean, Assamgo gobernuak alerta gorria ezarri du, eta segurtasun neurriak zorroztu. Urtarrilaren 26an Indiako Independentziaren Eguna ospatuko da, eta hori dela – eta erasoak gehituko direla uste du Gobernuak. Joan den irailaz geroztik erasoak areagotu dira, Gobernuaren eta ULFAren arteko su – etena hautsi ondoren.

amujika@berria.info

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)