Baserritarra, langilea, arraunlaria... eta errumaniarra

Emil Alexandru errumaniarra Hondarribian bizi da eta han lan egiten du. Halere, behar duen dirua lortutakoan jaioterrira bueltatu nahi duela dio

Berria, 04-01-2007

igor susaeta

Hondarribia

Badira baserrian jaio eta hazitako arraunlariak. Hori ez da harritzekoa. «Baserriko lanean ez da jairik», esan du Alexandruk. Arraunean ere apenas. «Arrauna ez da afizio bat niretzat. Baina pertsona indartzen du; bai fisikoki eta baita buru kontuetan ere». Arrauna bere «bigarren lana» dela dio. Eta bera lan egiteko eta dirua irabazteko etorri zen Euskal Herrira; estreinakoz, aspaldi; 1992an hain zuzen ere. Gero, berriz, 2005ean. Hartara, orain dela 15 urte eta azkeneko bi denboraldietan Pasai Donibaneko Erreka ontziko tostetan arraun egin zuen. Baserritarra, langilea eta arraunlaria da, baina ez da hemengoa, Errumaniakoa baizik. Horregatik, eta bere familia, baserria, negozioak eta lagunak han dituelako, Emil Alexandruk (1971, Unteni, Errumania) etxera itzuli nahi du bizpahiru urte barru. «Hemen dirua egin ondoren».

Orain Pasai Donibaneko presidente Pako Prietoren lagun batekin lan egiten du Alexandruk. «2005ean, berriro etorri nintzenean, igeltsero moduan hasi nintzen. 2006an, berriz, denetarik egin dut, nire kontratuan basoko langilea naizela jartzen duen arren. Eta halaxe segituko dut. Gustura nago».

Hondarribiko Arraun Elkartetik gertu dagoen taberna koxkor batean egin dugu elkarrizketa. Kafe hutsa eskatu du Alexandruk. Azukrearen poltsatxoa ireki, hori kikarara bota, eta koilaratxoarekin likido beltzari bueltak ematen. Lasaitu arte, horrela egon da hasieran. Gaztelaniaz mintzo da. Ulertzen zaio.

Aireportuaren ondoan bizi da, eta ez du alokairurik ordaintzen, etxea bere ugazabarena delako. Hemen nola edo hala egonkortu arte, ordea, mila eta bat istorio bizi eta pairatu ditu bidean. 1992an etorri zen estreinakoz Euskal Herrira; Pasaiara, hain zuzen. «Pako Prieto Errumaniara joan zen, Amilibia ontzi egilearekin batera, Errumaniako arraun selekzioari ontzi batzuk saltzeko asmoarekin. Han ezagutu gintuen, eta niri eta beste hiru arraunlariri Pasaian arraun egitea eskaini zigun». Halaxe heldu ziren. Garai hartako bere eguneroko bizimodu sinplea deskribatu du: «Etxe bat utzi ziguten. Han bizi ginen, eta emakume batek bazkaria eta afaria prestatzen zizkigun. Entrenatu, berriz, goiz eta arratsaldez».

Kontxako Bandera jokatu ondoren, baina, etxera bueltan. «Nik gidatzeko karneta atera eta etxetxo bat erosi nahi nuen Errumanian». Halere, Pasaiara bueltatu nahi zuen: «Pasaian, arraunean, ez genuen diru askorik irabazi, baina bai behintzat garai hartan Errumanian 70 metro karratuko etxetxo bat erosteko adina». Prietok, ordea, ez zien berriro deitu. «Ez dakit. Hona etortzeko bisa behar genuela-eta… Nire ustez, nahi izan bazuen deituko zigun, baina…». Kontuak kontu, Alexandru ezkondu egin zen, eta Essenera joan zen, Alemaniara, urtebeterako, lanera, anaiarekin batera. «Han diru asko irabazten zen; Errumanian hamar urtean lortzen zena han urte bakarrean lortzen zen».

Jaioterritik gertu gasolina zerbitzugune bat eraikitzea zen anaiaren eta bien asmoa. Anaia, baina, gaixotu eta 29 urterekin hil zen. «Nik, hortaz, nire bidea jarraitu nuen. Baserria erosi, lur sailak, eta lan eta lan. Diru gehiago nahi baduzu, hobeto bizi nahi baldin baduzu, lan egin behar da». Baina makineria behar-beharrezkoa da lur sailak behar bezala lantzeko. Eta horiek erosteko, dirua behar da, aldi berean. «Nire bi haurrak nahiko koxkortuta zeudenez, berriro Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen 2005ean», argitu du.

Pasaiara etorri zen inori abisatu gabe; Pako Prietori ere ez. «Herria gogoratzen nuenez, lehengo arraun klub zaharrera joan nintzen». Geroago elkartu zen Prietorekin, eta geroago hasi zen nola arraunean hala lanean. Belaontzi batean ere bizi izan zen, izapide guztiak bete arte. 2005ean eta 2006an Erreka-n arraun egin zuen, baina aurten ez du arraunean egingo. Zergatik? «Arraunean baino gehiago irabazten dudalako lanean. Izan ere, asteburuetan lan egiten baldin badut, arraunean baino gehiago irabaziko dudala esan didate». Eta berak lan egin nahi du, dirua egin nahi du, Errumaniara bueltatzeko. Heldu den maiatzean bueltatuko da etxera. Uda bakarrik igaroko du han, ordea. Udazkenean, berriro Euskal Herrira. «Hala ibiliko naiz, betiko etxera bueltatu arte». Bizpahiru urte barru. «Gauzak martxan ipini nahi ditut aurrena, gero lasaiago bizi ahal izateko». Orain, baserria, traktorea, lur sailak, lurra goldatzeko makina, txerriak, behiak, alpapa ereiteko 15 hektarea eta ardi batzuk ditu. Gainera, okindegi bat eta denda bat irekitzekotan da. «Ni bila eta bila aritzen naiz beti. Diru gehiago, lan gehiago, diru gehiago, lan gehiago».

ERRUMANIA KOMUNISTA. Nicolae Ceaucescu conducator-aren erregimenpean bizi izan zen Errumania 1974tik 1989ra bitartean. Alexandruk ondo gogoratzen ditu garai «latz» haiek: «Libreta bidez egiten zen dena: ogi erdia, litro erdi olio hilabete baterako, litro bat esne… Guk ez genuen goserik pasatu, baserrian jateko lain genuelako, baina hirietan…». Halere, egungo egoerarekin alderatuta, orduko berdintasuna faltan sumatzen dute errumaniar batzuek. Alexandru, ordea, ez dago ados: «Lehenago, oparitu egiten zen dena. Orain, ordea, ez. Lan egiten dutenek denetik dute. Lan egiten ez dutenek, aldiz, ez. Beraz, lan egitera. Nik ez dakit: batzuk alfer samarrak dira…».

Bere herrialdeari garai bateko egoerara iraultzea dezente kostatzen ari zaiola iritzi dio. Baina Errumania Europako Batasuneko kide da orain. Hori dela eta, itxaropentsu dago Alexandru. «Ez ditugu, behintzat, aduana tasak ordainduko, eta produktuen prezioa merkatuko da. Gainera, dirua emango digute. Ez da ahaztu behar, bost milioi errumaniar munduan zehar lanean ari direla, beren herrialdeari laguntzeko». Errumaniaren aberastasuna aldarrikatu du: «Berez, aberatsa da, denetarik baitugu: petrolioa, gasa, ura, mendiak, jende ona… Baina errusiarrak, alemaniarrak, ingelesak edota turkiarrak gutaz aprobetxatu dira historian zehar. Herria berpiztuko dugulakoan nago».

Hara bueltatu bitartean, Euskal Herritik lagunduko du. «Hemen oso gustura nago. Lagunak ditut, lana… Zortea ere izan dut bizitzan, jende onarekin topo egin dudalako. Baina nik sekula ez dut arazorik sortu…». Baserrira bueltatu nahi du, Errumaniako iparraldera, landa berdeetara, betiko lanera. Ez du arraunean gehiago egiteko intentziorik, baina tostetako sufrikarioak asko lagundu diola dio. Beraz, baserritarra, langilea, arraunlaria izandakoa… Baina errumaniarra. Bere jaioterriko zinegotzia izan ondoren, etorkizunean alkate izan nahi. Umil dio hori, irribarrez. Alkate moduan ere gogotik lan egingo luke, ziur.

«Alemanian diru asko irabazten zen; Errumanian hamar urtean lortzen dena, urte bakarrean»

«Gauzak martxan jarri nahi ditut aurrena, gero lasaiago bizi ahal izateko»

emil alexandru

errumaniarra

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)