Sindikatuak, langile etorkinen zerbitzura

140.000 etorkin inguru bizi dira Hego Euskal Herrian. Horietatik askok «prekarietaterik larrienean» egiten dute lan. Euren eskubideen alde ere gogor ari dira sindikatuak

Berria, 04-01-2007

Aitziber arzallus

Donostia

Gero eta atzerritar gehiago bizi da Euskal Herrian. Ukaezina da hori. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroak Gobernuak emandako datuen arabera, Europako Batasunetik kanpoko 123.000 etorkin inguru daude Hegoaldean erroldatuta; biztanleria osoaren %6,7. Kopuru horretatik at geratzen dira, ordea, egoera arautu gabe duten etorkinak. Admistrazioen ustetan, 17.000 inguru izan daitezke.

Horietatik asko langileak dira. Adituen esanetan, atzerritarrak dira azken hamar urteotan lan merkatura sartu diren beharginen erdiak. Eta inork egin nahi ez dituen lanpostuak betetzen dituzte askok, gainera. Hego Euskal Herrian, eraikuntza da langile atzerritar gehien dituen sektorea, alde handiarekin. Gizarte Segurantzara afiliatuta dauden langileen ia herenek sektore horretan jarduten dute. Manufaktura industria eta hostalaritza dira etorkinik gehien hartzen dituzten beste sektoreak, %18 eta %14, hurrenez hurren.

SINDIKATUAK, ASPALDITIK LANEAN. Langileen sindikatuek aspalditxo hedu zioten langile atzerritarren auziari. Neurririk hartu ezean, etorkinen giza eskubideak urratuak izan zitezkeela ikusi baitzuten. Lan merkatuan ahalik eta egokien gizarteratzen laguntzeko eta haien eskubideak errespetatuak direla bermatzeko hainbat mekanismo jarri dituzte abian.

Atzerritik etorritako langileek lan merkatua irauli egin dute. Aldi berean, baita langileen sindikatuak eurak ere. Langileentzat kaleratzen dituzten argibide liburuxkak, esaterako, gero eta hizkuntza gehiagotan irakur daitezke. Eta sindikatu gehienek euren webguneetan langile etorkinei propio zuzenduriko atalak dituzte. Etorkizunean etorkinek sindikatuetan izan dezaketen indarra.

«LAB sindikatuak langile etorkinen eskura jartzen duen tresnarik baliotsunea enpresetan eta gizartean pairatzen dituzten mota guztietako bidegabekerien kontrako borroka da», dio gizarte gaietarako arduradunak. Sindikatu horrek ez du langile etorkinen arretarako bulegorik edo antzekorik, «sekulako garrantzia baitu, atzerritarrak gainerako langileekin batera nahasteak, borroka LABeko afiliatu guztion artean eramateko». Sindikatura heltzen diren momentutik, lanean ari diren sektore edo azpisektoreko funtzionamendura egokitzen ei dira. Dena den, sindikatuak badu etorkinei zuzenduriko sail bat, «oraindik ere, egoera normalizatu artean, guztiz beharrezkoa baita lan osagarri hori». Halatsu funtzionatzen du ELAk ere, «etorkinen arazoak gure eguneroko aldarrikapenetan sartzen saiatzen gara, gainerako langileen eskubide eta aldarrikapen bertsuak dituztelako».

Gero eta gehiago dira eurengana jotzen duten etorkinak, «gehien bat, eraikuntzako, hostalaritzako eta itsasoko langileak. Eta azkenaldian, baita nekazaritzan dabiltzan aldi bateko langileak ere».

Normalean, laguntza eske joaten diren gehienen arazoa lan baldintza kaskarrak izaten dira. «Gainerako langileek baino gutxiago kobratzen dute, esplotazio baldintzetan jardun behar izaten dute eta kontratu oso prekarioak izaten dituzte». Bat datoz ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak. Enpresaburuentzat, etorkinak esku lan merkea direla eta asko eta asko esklaboak balira bezala tratatzen dituztela salatzen dute. «Hori dela eta, LABetik jasotzen duten erantzuna, baldintza kaskar horiek suntsitzeko borroka tinkoa da».

CCOO sindikatua 1980ko urteetan hasi zen langile etorkinekin lanean, «nahiz eta orduan orain baino askoz gutxiago ziren», dio Felisa Piedra CCOOko immigrazio eta gizarte gaietarako arduradunak. Haien eskubideak defendatzeko mekanismo ugari jarri ei zituzten abian, besteak beste, hainbat eztabaida gune, sindikatuak etorkinen inguruan jarraitu beharreko politika zehazteko.

Urrats garrantzitsuena, baina 1996. urtean egin zuen, LAIZ Langile Atzerritarraren Informazioarako Zentroa izeneko proiektuarekin. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ditu bulegoak, eta CCOOren datuen arabera, hamar urteotan 10.000tik gora langile atzerritarren zerbitzura egon da. Piedraren esanetan, batez ere, hiru eginbehar nagusi ditu LAIZek. Bata, ezkutuko ekonomiaren aurka borroka egitea; «baina ez biktimak zigortuz, baizik eta langile guztien egoera arautzeko moduak bilatuz». Bestea, beharrezko informazio guztia atzerriko langileen eskura jartzea, nola sindikatuari buruzkoa, hala euren eskubideen ingurukoa. Eta azkena, langile etorkinen eskubideak errespetatuak izan daitezen saiatzea, nagusien gehiegikeriak salatuz. «Lan baldintzarik okerrenak etxeko lanak egiten aritzen diren emakume etorkinek dituzte, legeak zehazten duen gutxiengoaren oso azpitik dauden soldatak eta lanaldi amaigabeak dituztelako, jai egun eta oporrak izateko inolako eskubiderik gabe», salatzen du CCOOko immigrazio arduradunak.

GOITIK BEHERA ALDATZEKO BEHARRA. Langileen sindikatu guztiak bat datoz Atzerritarren Legeak goitik beherako aldaketa behar duela diotenean, ez baiteritzote langile etorkinen eskubideak bermatzeko gai denik. Nagusien gehiegikerien aurrean atzerritarrek izan beharreko jarreraren inguruan, ordea, desadostasunak nabarmenak suma daitezke.

Izatez, beren egoera arautu gabe duten langile etorkinek eskubide osoa dute lanean jasandako edozein tratu txar salatzeko, adibidez, kontraturik gabe aritzea. Eta ez dute zigortuak zein herrialdetik kanporatuak izateko beldurrik zertan izan, langile izaerak atzerritar izaerak baino garrantzi handiago baitu. Bi urte Euskal Herrian daramatzala eta enpresarekin edo nagusiarekin gutxienez urtebeteko lan harrema duela frogatzea aski izango zaio bere enpresa saltu nahi duen etorkinari. Hala, bere egoera arautuko luke, gainera.

LABen ustetan, ordea, arau horrek ez du ez buru eta ez hankarik, arrazoi ugari tarteko. «Batetik, Atzerritarren Legea dela eta, langile etorkinek ezkutuko ekonomiako jarduerak bakarrik egin ditzaketelako. Bestetik, bi urteko egonaldia frogatzea ia ezinezkoa egiten zaielako, legeak berak sekulako oztopoak jartzen baitizkiete erroldatzen saiatzen direnean».

Gainera, enpresari jartzen dioten zigorra hutsaren hurrengoa dela uste du LABek. Izan ere, langile atzerritarrari dagozkion betebehar fiskalak eta gizarte segurantza ordaindu, eta beste urtebetez kontratatzea onartzen badu, enpresari ez diote isunik ere jartzen. LABi, beraz, nahikoa irreala iruditzen zaio hori guztia. «Nola ausartuko da bada bere enpresa salatzera, sindikatu batera afiliatzeko eskubiderik ez duen langile bat?».

ELAk ere gogor kritikatzen du legea. «Etorkinak esku lan gisa soilik hartzen ditu, ez hiritar gisa. Oinarrizko eskubideak ez ditu errespetatzen lege horrek, eta horregatik, bertan behera uztea exigitzen dugu».

CCOOk, halere, horrelako egoeren aurrean salaketa jartzera animatu nahi ditu langile atzerritarrak. «Ez dute beldurrik izan behar, legearen babesa baitute», dio Felisa Piedrak.

AFILIATZEKO ESKUBIDERIK GABE. Paperik gabeko langile etorkinei legeak ez die ez Gizarte Segurantzan ez sindikatuetan afiliatzeko eskubiderik aitortzen. Baina, langileen sindikatuek neurri horren kontrako helegitea jarri zuten Espainiako Konstituzio Auzitegiaren aurrean, Espainiako Konstituzioak eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak aitortzen dien eskubide bat urratzen duelakoan.

Hori dela eta, oraindik auzia konpontzeko dagoen arren, langileen sindikatuek afiliatzeko aukera ematen diete langile atzerritarrei, haien egoera edozein dela ere. Afiliatuta egotea legez kontrako egoera horretatik irteten hasteko lehen urrats moduan ulertzen dute sindikatuek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)