Etorkinek onura dakartela uste dute EAEko herritar gehienek

Berria, 04-01-2007

ERREDAKZIOA

Donostia

Etorkinek onura gehiago dakarkiote euskal gizarteari kaltea baino, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritarren artean Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin duen azterketaren arabera. Iritziak aldizkariko uztaila-abendua alearen barruan argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak urrian zehar hiru lurraldeetako biztanleekin telefonoz egindako inkestaren emaitzak.

Inkestaren arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritarren %40k uste dute etorkinek onura gehiago ekartzen diotela euskal gizarteari kaltea baino. %26ren iritziz, aldiz, onura beste kalte dakarte. %27k, azkenik, uste dute kalte gehiago sortzen dutela onura baino.

Hiru probintzia horietako biztanleen %36k pentsatzen dute etorkin «gehiegi» bizi direla Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Alabaina, gehiago dira «gehiegi ez» direla uste dutenak: %42, alegia. Gutxiengo batek, %8k, «gutxiegi» direla uste du.

Inkestatutako gehienek onartu dute mesfidantzaz hartzen dituztela kanpotik heltzen diren immigranteak, %37k hain zuzen ere. %28k, aldiz, adeitasunez hartzen dituztela azaldu dute, eta %16k, axolagabe. %5ek euskal herritarrak «balira bezala» tratatzen dituztela diote, eta %4k, «mespretxuz».

BIZITOKIA HAUTATZEKO ASKATASUNA. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritar gehienek uste dute munduko pertsona guztiek askatasuna izan beharko luketela edozein herrialdetan bizi eta lan egiteko. Hain justu ere, %90ek pentsatzen dute modu horretan.

Alabaina, etorkinek izan beharreko eskubideen inguruan, jarrera ez da hain eskuzabala. Hezkuntza eskubidea, esaterako, etorkin guztiek izan beharko luketela uste dute herritarren %60k. %34k, aldiz, soilik legez daudenek izan beharko luketela pentsatzen dute.

Osasun eskubidea are eta gutxiagok aitortzen diete legez kanpo dauden etorkinei: %54k. %37k uste dute, soilik legez daudenek eskuratu beharko lituzketela Osakidetzaren osasun zerbitzuak.

Bakarrik inkestatuen %20k uste dute etxebizitza babestuak eskuratzeko zozketetan etorkin guztiek parte hartu ahal izango luketela. %54k bakarrik legez dauden etorkinei aitortuko liekete eskubide hori. %17k, aldiz, ez batzuek eta ez besteek ez luketela eskubide hori izan behar adierazi dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)