Martutenen hildako presoa hiltzen utzi zutela salatu du haren ziega kideak
Karim El Ddahen kasuan gertatutakoa argitzeko epaitegietan salaketak aurkeztu ditu Salhaketak
Berria, 03-01-2007estitxu ugarte
Gasteiz
«Bistan da zure kidea nola zaintzen duzun». Hitz horiekin ohartarazi zion Martuteneko (Gipuzkoa) espetxe funtzionario batek Abdel Karim El Ddahen ziega kideari Saharako presoa urkatua zegoela. Hori esan, eta alde egin zuen funtzionarioak. Ordu erdi geroago ziegara itzuli ziren espetxeko funtzionarioak, baina ordurako presoa hilik zegoen. Bitartean, ziega kideak Karim sokatik jaitsi behar izan zuen, eta berpizten saiatu zen. Salhaketa erakundeari idatzitako gutun batean salatu du iragan abenduaren 16an gertatutakoa Karimen ziega kideak.
Salhaketako arduradun Cesar Manzanosek atzo jakinarazi zuenez, hil aurretik hiru aldiz saiatu zen 23 urteko gaztea bere buruaz beste egiten. Hirugarren aldian, hain zuzen, lixiba hartu zuen eta lepoan ebaki nahikoa sakona egin zuen. Haatik, zauria gainetik osatu zioten, eta bakartze ziega batean sartu zuten berriro, hark laguntzeko izendatutako beste preso batekin. Ziega horretan zegoenean urkatu eta hil zen Karim, haren kidea lo zegoen bitartean.
«Suizidatzeko egin zuen azken saioaren aurrean, Martuteneko zuzendaritzaren erantzuna bakartze ziegan sartzea izan zen, alegia, egin beharrekoaren kontrakoa», nabarmendu zuen Manzanosek. Gainera, presoa ziegan urkatuta aurkitu zutenean, funtzionarioek erakutsitako «utzikeria» salatu zuen Salhaketako kideak, eta ordu erdiz ezer egin ez zutela azpimarratu zuen.
Gertatutakoaren aurrean, salaketa judiziala abiatu dutela iragarri zuen Salhaketako bozeramaileak. Dagoeneko Bilboko Espetxe Epaitegian eta Donostiako Instrukzio Epaitegian salaketa bana aurkeztu dituzte, Karimen ziega kideak helarazitako gutuna oinarritzat hartuta. «Egun, indarrean dagoen legeria ezarriz halako heriotza saihestu zitekeen. Gertatutakoa onartezina da», laburbildu zuen Manzanosek.
HERIOTZA ZIGORRA. Bestetik, Salhaketako arduradunek gogora ekarri zuten iragan abenduaren 30ean beste lagun bat hilik aurkitu zutela Langraizko (Araba) ziega batean. Espainiako Espetxe Zuzendaritzak emaniko informazioaren arabera, 27 urteko gasteiztarraren heriotzaren arrazoiak oraindik argitzeke daude. Gorputzean «bortxa aztarnarik» ez dutela atzeman adierazi du Espetxe Zuzendaritzak, eta ziegan ohiz kanpoko ezer ez dutela aurkitu. Bederatzi urteko zigorra betetzen ari zen G.T.S, bigarren graduan zegoen, eta ondorioz noizean behin kartzelatik ateratzeko baimena zuen.
Cesar Manzanos Salhaketako kideak azpimarratu zuenez, Martuteneko eta Langraizko kasuak iragarritako heriotzak dira. «Are gehiago, legez kanpoko heriotza zigorra ezartzen ari dela frogatzen dute bi gertaerek».
Gainera, gertaera horiek ezkutatzeko eta horien inguruko informazioa atzeratzeko ahalegin berezia egitea leporatu zien Salhaketako eledunak agintari judizialei, eta espetxeetan jazotako heriotzak gelditzeko zer egiteko asmoa duten galdetu zien Espainiako Gobernuari eta Barne Ministerioari.
Presoen alde lan egiten duen elkartearen aburuz, premiazko neurriak martxan jarri behar dira espetxeetan Martuteneko eta Langraizko gertaerak berriro errepika ez dadin.
Hala, lehenik eta behin, gertatzen diren heriotzak behar bezala aztertzeko Fiskaltzaren benetako inplikazioa galdegin zuen Manzanosek, «ardura politikoak, administratiboak eta penalak argitzeko bidean». Bigarrenik, Martutenen eta Langraizen presoen osasunerako eta bizigarritasunerako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten aretoak kautelaz ixteko eskatu dute.
Halaber, espetxe eta zigor araudien premiazko erreforma aldarrikatu zuen Salhaketako bozeramaileak. «Zigorrak luzatzeak, kartzelatik ateratzeko baimenak ukatzeak, eta behin behineko askatasuna edo hirugarren graduan sartzeko bidea zailtzeak ez dute bat egiten zigor legedian bildutako helburuekin». Era berean, gaixo larrien eta gaitz psikikoak dituzten presoen kaleratzea galdegin zuen Salhaketak. «Preso hauek behar duten osasun arreta ez da bateragarria espetxeetan ezarritako erregimenarekin», adierazi zuen Manzanosek.
Gainera, inkomunikazioa eta presoen bakartzea arbuiatu zituen bozeramaileak, «torturak eta tratu txarrak gertatzeko zigorgabetasun esparruak sortzen baitituzte, eta berez, bakartzea tortura psikologikoa delako». Egungo egoerari aurre egiteko beste neurri bat Euskal Herriko espetxeetan dagoen masifikazioarekin bukatzea litzateke, Salhaketaren irudiko.
Gutuna
Honako hau da Martuteneko espetxean hil zen Abdel Karim El Ddah gaztearen ziega kideak Salhaketa elkarteari helarazitako gutunaren zati bat, abenduaren 16an bakartze ziegan gertatutakoa kontatzen du:
Abenduaren 16an, lo kuluxkaren orduan, 14:00etan inguru gertatu zen. Hilaren 3an Abdelek hiru zentimetroko zauria egin zuen lepoan, eta hesgailuak jarri zizkioten, baina ez josturarik. Bakartze ziegan bi hilabete zeraman, hotza eta hezetasuna jasaten. Babes preso gisa nengoen harekin ziega berean, nahiz eta espetxe honetan sartu berria izan. Lotan nengoen, baina ordu horretan esnatu nintzen eta galdetu nion ea zer gertatzen zitzaion. Zigarro bat erre zuen. Ni haren kea ekiditearren mantarekin tapatu nintzen, eta lo gelditu nintzen. Funtzionarioa etorri zen eta urkatuta aurkitu zuen. Esnatu nintzen eta harekin bakarrik egon nintzen. Jaitsi nuen eta berpizten saiatu nintzen. Lepoan zuen zauritik odola zerion, baita ahotik eta sudurretik ere. Nire esku artean hil zen. Ordu erdi beranduago etorri ziren, eta eraman zuten. (…) Orain errudun sentitzen naiz. Burua asko berotu dut gertatutakoaren ostean. Gertaera honek nire bizitza osoa aldatu du. Ezin dut egoera hau gehiago jasan. Nire herrialdera lehenbailehen kanporatzea nahi dut».
(Puede haber caducado)