EBko estatu kide bilakatuko dira Errumania eta Bulgaria 2007an
Europako Konstituzioaren gaineko blokeoa amaitzea izango da Alemaniaren agintaldiaren xede nagusia
Berria, 30-12-2006Proiektu hutsetik benetako potentziara
1951: Italiak, Alemaniako Errepublika Federalak, Frantziak, Luxenburgok, Herbehereek eta Belgikak Europako Ikatz eta Altzairuaren Elkartea sortu zuten.
1957: Europako Ikatz eta Altzairuaren Elkarteko kideek Erromako Ituna sinatu zuten. Europako Ekonomi Erkidegoa (EEE) eta Atomo Energiaren Europako Erkidegoa (Euratom) sortu zuten. EEEren helburua merkatu bateratua sortzea zen.
1960: Portugal, Suedia, Erresuma Batua eta Suitzak Europako Merkataritza Librerako Elkartea sortu zuten. Merkatu askea sortzea zuen helburu, muga zergak bateratu gabe. Estatuez gaindiko erakundeak sortzeko beharrik ere ez zuten ikusi.
1967: Hiru erakundeetarako kontseilu eta batzorde bakarra eratzeko hitzarmena sinatu zuten.
1979: Europako Legebiltzarrerako lehenengo hauteskundeak.
1985: Jacques Delors izendatu zuten Europako Batzordeko presidente. 1992rako merkatu bakarra eratzea proposatu zuen. Batasun ekonomikoari oinarri politikoa ere emango ziola pentsatu zuen. AEBekin lehiatzeko urrats hori egitea beharrezkoa izango zela uste zuten agintariek.
1992: Maastrichteko Ituna sinatu zuten. Ekonomia batasunerako oinarriak jarri zituen, EBko herritartasuna sortu zuen, herritarrei bozkatzeko eskubidea onartu zien, eta elkarlana ezarri zuen atzerri politika, segurtasun zein immigrazio arloan. EEE Europako Batasuna bihurtu zen. Bi urte geroago jarri zen indarrean ituna.
1995: Schengengo Itunak mugak desagerrarazi zituen. Erresuma Batuak eta Irlandak ez zuten sinatu. Austria, Finlandia eta Suedia EBn sartu ziren; Norvegian, bi erreferendumetan ezezkoak irabazi zuen.
1997: Amsterdamgo Ituna. Ekialdeko estatuak EBn sartzeko aukera jaso zuen. Lan eta bazterketa arloko legeak indartu zituen, eta Maastrichteko Itunaren arlo soziala lege bihurtu zuen. Schengengo Ituna ere lege bihurtu zen.
1999: Krisia EBn. Iruzur, nepotismo eta kudeaketa txarra leporatu zioten Batzordeari. Jacques Santer lehendakariak eta komisarioek dimisioa eman zuten. Romano Prodi izendatu zuten lehendakari.
2002: Euroa indarrean jarri zen eurogunean – Suedia, Erresuma Batua eta Danimarka kanpoan geratu ziren – .
2002: Europako Konbentzioa lanean hasi zen, konstituzio proposamen bat egiteko. 2003ko udaberrian aurkeztu zuen. Estatu kideak ez ziren ados jarri.
2004: Maiatzean, Europa erdi eta ekialdeko 10 kide berri sartu ziren EBn. Ekainean, Konstituzioa hitzartu zuen EBk. Urrian, Konstituzioa sinatu zuten.
2005: Frantzian eta Herbehereetan egindako Europako Konstituzioari buruzko erreferendumean ezetzak irabazi zuen, eta ondorioz, testuari buruzko gogoeta egiteko denbora hartu zuten Bruselan.
2006. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta EBko atzerri ministroek eskatuta Konstituzioari buruzko erabakia beste urtebetez atzeratu zuten.
2007ko urtarrilaren 1a. Errumania eta Bulgaria Europako Batasunean sartuko dira. Horiekin 27 dira, jada, Batasuna osatzen duten herrialdeak.
(Puede haber caducado)