Emigranteen jaioterria

Egun bi milioi errumaniar bizi dira atzerrian; herrialdea EBn sartzen denean emigrante kopurua bikoiztuko den beldur dira estatu kideak.

Berria, 30-12-2006

a. elizegi

Nicolae Ceausescuren diktaduratik ihesi lehenik, eta pobreziatik urrundu nahian gero, milaka errumaniar joan dira beste herrialde batzuetara bizimodu hobearen bila. Bulgariarekin batera, 2007ko urtarrilaren 1ean sartuko da Errumania Europako Batasunean. Horrek kezka eragin du bai EBko beste kideen artean, bai errumaniarren artean ere. Egun bi milioi emigrante errumaniar daude EBko estatuetan. Hori dela eta, herrialdea Batasunean sartzen denean, emigrante kopurua bikoiztuko den beldur dira beste estatu kideak. Beldur hori saihesteko asmoz, datozen zazpi urteetan emigrante errumaniarrei ateak ixteko aukera eman die Bruselak EBko estatuei. Ezezkoa, ordea, argudiatu egin beharko dute.

Bukarestek, aldiz, Europan sartzeak herrialdearen egoera hobetu eta emigranteak etxera bueltan eramango dituen itxaropena du. «Errumania ustekabe atsegina izango da Europako Batasunarentzat, garatzeko ahalmen handia duelako». Emigrazioa arazoa da Bukarestentzat ere. Aurten, adibidez, Txinatik joandako immigranteak kontratatu dituzte ehungintzan, bertan behar adina eskulanik ez zegoelako.

APARTEKO BI MUNDU. «Bi Errumania desberdin daude: nekazaria eta hirikoa. Bigarren hori da Bruselari interesatzen zaiona», dio Ilie Serbanescu ekonomialariak. Arazoa da, ordea, bat – egiteak lanik gabe utziko dituela hiru milioi nekazari. Egun nekazaritzatik lortzen dituzten produktu gehienak herrialdeak berak kontsumitzen ditu, urtarriletik aurrea, ordea, produktu horietako gehienak beste estatu – kideetatik esportatuko dituzte.

EBn sartu ahal izateko egindako erreforma ekonomikoak ere ez dira izan herritarren gustukoak. Gas naturalaren prezioa, esaterako, hiru aldiz igo zuten 2006an, Europarekin parekatzeko. Soldatek, ordea, bere hartan jarraitzen dute. Langile soil batek 285 euro irabazten ditu hilabetean.

Askok uste dute atzerriko enpresentzako merkatu bilakatuko dela Errumania, eta bertako enpresek ateak itxi beharko dituztela. Serban Neculce ingeniaria kexu da EBren dirua erabiliz egingo diren lanak atzerriko enpresen esku utzi dituztelako: «Gizartearen garapen mailara egokituak ez dauden neurriak onartu ditugu».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)