Aldi baterako egoitza baimena eskatu du Jaurlaritzak iruzurra jasan dutenentzat
Berria, 29-12-2006Aldi baterako egoitza baimena eskatu du Jaurlaritzak iruzurra jasan dutenentzat
Eusko Jaurlaritzak bat egin du iruzurra salatu zuten 60 langile atzerritarren auzian Harresiak Apurtuz koordinakundeak egindako salaketarekin, eta Legebiltzarrean taldeek gaia eztabaida dezaten hartu beharreko neurriak erraztuko dituela jakinarazi du. «Gure babesa izango dute elkarteek langile atzerritarron oinarrizko eskubideak urratu direla salatzeko hartu duten bidean».
Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailaren ardurapean dagoen Immigrazio Zuzendaritzak egin du ohartarazpena. «Ez dugu ulertzen nola ez dion eman Espainiako Gobernuak erantzun egokirik legea bete besterik egin ez duten langile atzerritarron eskaerari».
Agiri baten bidez, Immigrazio Zuzendaritzak berretsi egin ditu Harresiak Apurtuz koordinakundeak eta langile atzerritarren abokatuek egin dituzten eskaerak, eta horiek guztiak zuzenak eta legezkoak direla ohartarazi du.
Gogora ekarri du Espainiako Gobernuak berak prozesuarekin hasi aurretik adi egoteko ohartarazi ziela immigranteei iruzurrak eta iruzurrak egitetik bizi ziren taldeak edozein lekutan ager zitezkeelako. «Ez du balio, orain, legeak agindu bezala iruzur egileak epailearen aurrean salatu dituzten langileei erantzun egokirik ez ematea».
Epaileek azken hitza hartu bitartean, langileoi aldi baterako egoitza baimena eman behar zaiela uste du Jaurlaritzaren Immigrazio Zuzendaritzak. «Herri interesagatik eman behar zaie baimen hori, hauen salaketa eredugarria gerta dakiokeelako iruzurra, gehiegikeria edo zapalkuntza sufritzen duen orori».
(Puede haber caducado)