Iruzurraren biktima izan ziren atzerritarrak babesik gabe utzi dituztela salatu dute
Eusko Legebiltzarrera joko du Harresiak Apurtuz-ek Espainiako Gobernuak ukatu dien babesaren bila
Berria, 29-12-2006Iñigo bilbao
Bilbo
Espainiako agintariek babes barik utzi dituzte iruzurra sufritu zuten immigranteak; 2005ean, langile atzerritarrek euren egonaldia legeztatzeko izan zen ez ohiko prozesuarengatik. Harresiak Apurtuz koordinakundeko elkarteek egin dute salaketa. Utzikeria egotzi diete Bizkaian Espainiako agintea ordezkatzen duten egiturei, eta babes bila Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera joko dutela jakinarazi dute.
Mohamed Arrachedi koordinakundeko lehendakariordeak eta Celina Pereda zuzendaritzako kideak agerraldia egin dute iruzurra salatu zuten 60 langileekin jazotakoak txarretsi eta ezagutarazteko. Haiekin izan dituzte Jose Angel Esnaola salaketa auzibidera eraman duen abokatu taldekoa eta Oussmane kaltetuetako bat.
Urtarrilaren 25ean jakinarazi zuen Harresiak Apurtuz – ek iruzurra sufritu zuten 60 langileak defendituko zituela. Etorkin horiei existitzen ez diren enpresentzako kontratuak eskaini zitzaizkien, eta bakoitzari mila bana euro kendu zizkieten gezurrezko kontratu horiengatik. Iruzurra 60.000 eurotik gorakoa izan daiteke. Tartean izan ziren zenbait abokatu, bitartekari eta enpresetako buru.
Salaketak Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Ordezkaritzan eta Lan Ikuskaritzan egin zituzten lehenik, eta gero, Bilboko 2, 3, 5 eta 7. instrukzioko epaitegietan. Koordinadorak hasieratik eskatu zien Espainiako agintariei legea bete eta aldi baterako paperak emateko iruzurra desegiten lagundu dioten etorkinei. Alferrik, ordea. Ez dute erantzunik jaso, ez Ministeriotik, ez Lan Ikuskaritzatik, ez Bilboko Ordezkaritzatik. «Alferrik izan da, batak eskumena bestearena dela esan eta, horrela, bata dela edo bestea dela, azkenean, 60 kaltetuen prozesua blokeatuta geratu da. Inolako babesik gabe utzi dituzte».
Esnaolak azaldu du lau prozedura daudela abian: horietatik bi tramitazioan daude, beste bat artxibatu egin dute, eta bestean, berriz, epaileak auziperatu egin du salatutako abokatua. Lortutako apurra lan eskergaren emaitza izan dela azaldu du Esnaolak, ez Lan Ikuskaritzak ez Fiskaltzak ez dietelako jaramonik egin auzibidera jo duten immigranteei. Haserre daude: «Ez batzuek ez besteek ez dute inolako ardurarik hartu, eta, ondorioz, langile hauen oinarri – oinarrizko eskubideak urratu egin dituztela salatu nahi dugu».
Oussmanek baieztatu egin du abokatuak eta elkarteek adierazitako guztia eta argi utzi du agiriak ezinbestekoak dituztela legez lan egin eta bizitzeko. «Lana behar dugu, bizi egin nahi dugulako, ez bizirik iraun». Salaketa 60 langilek ipini badute ere, iruzurraren biktimak horiek baino gehiago dira.
ABOKATUAK. Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren kontrako berba gogorrak izan dituzte koordinadorakoek, erakunde horrek ez duelako inolako neurririk hartu iruzurrean parte hartu duten abokatuen kontra. Epaileek ikerketa osoa bukatu arte ez dutela ezer egingo erantzun diete. Horrek izan du ondoriorik: salatua izan den abokatuetako bat biktimaren abokatu izateko izendatu zuten ofiziozko txandan.
Hori bakarrik ez. Esnaolak berak ohartarazi du agintarien utzikeria ikusita, iruzurra egin duten gehienek bere horretan jarraitu dutela: langile atzerritar gehiagori iruzurra egiten. Salaketa jarri duten langileen adorea ere nabarmendu du, salaketa ipini duten guztien inguruko ikerketak egin ditu – eta Espainiako Poliziak.
Abokatuak azaldu du bestalde, Espainiako aginteak Bizkaian dituen ordezkarien jarrera are lotsagarriagoa izan dela udaz geroztik, uztailaren 4an Immigrazio eta Emigrazio Estatu Idazkaritzak instrukzioa kaleratu zuelako lekuan lekuko Ordezkaritzen esku utziaz aldi bateko egoitza baimenen eskabideen ebazpenak.
Celina Peredak argi utzi nahi izan du prozesu horretan gauza asko dagoela jokoan: «Alde batetik, 60 langile hauen bizi itxaropena, eta, bestetik, sare ilegalen kontrako borroka». Ez du ahaztu bestetik, etorkin horiek Atzerritarren Legeren biktimak ere izan direla, araudi hori «arrazista eta xenofoboa» delako. «Immigranteak sinetsirik daude legeak arrazoia emango diela Justiziarekin kolaboratu dutelako iruzurrezko ekintza hauek desegiten».
Harresiak Apurtuz osatzen duten talde guztien izenean, Peredak berretsi egin du 60 langile etorkin horien eskubideak defenditzeko duela urtebete hartu zuten konpromisoa. «Argi utzi nahi dugu egoera lazgarri hau salatzen jarraituko dugula, eta jo beharreko ate guztiak joko ditugula, pertsona hauek dagokien dokumentazioa eskura dezaten».
(Puede haber caducado)