Arrazakeria aztergai Bilboko Koloretan Bizi zinemaldian
Berria, 26-12-2006erredakzioa
Bilbo
SOS Arrazakeria gobernuz kanpoko erakundeak zinemaldi bat antolatu du egun hauetarako Bilbon, Koloretan bizi leloarekin. Gaur hasiko da, eta hiru egun iraungo du. Egun bakoitzean arrazakeriaren inguruan diharduen film bat eskainiko dute: Va, vis et deviens, Agua con sal eta Crash. Emanaldiak Bilboko La Bolsa kultur aretoan izango dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta sarrera dohainik izango da.
Gaur, Radu Mihaileanuren Va, vis et deviens filmak zabalduko du Koloretan Bizi zinemaldia. 1984an kokatuta, judua dela esanda Israelera heltzen den haur afrikar baten istorioa kontatzen du filmak. Bihar Agua con sal Espainiako eta Puerto Ricoko ekoizpena emango dute. Pedro Perez Rosadoren lan horrek Kubako eta Espainiako bi emakumeren bizitzak gurutzatzen ditu, hamaika promesa egiten dituen gizarteari kritika eginez. Azkenik, ostegunean, abenduaren 28an, Estatu Batuetan egindako Crash film ospetsua emango du zinemaldiak. Paul Hagissek hainbat arrazatako pertsonaien beldurrak agerian utzi zituen pelikula zorrotz honetan.
SARITUTAKO FILMAK. Nazioartean hainbat sari jaso dituzte zinemaldiko filmek. Crash-ek hiru sari jaso zituen aurtengo Oscarren ekitaldian: film, gidoi original eta muntaia onenaren sariak, hain zuzen. Va, vis eta deviens-ek 2005eko Berlingo zinemaldiko Publikoaren saria irabazi zuen. Agua con sal-ek, berriz, Espainiako eta Kubako hainbat zinemalditako sari garrantzitsuenak eskuratu ditu.
(Puede haber caducado)