Larrepetit Castillo Suarez

Definizioak

Berria, 26-12-2006

Etorkin berrien etorrerak sortu beharko lukeen gogoetako bat da zer den euskal komunitate politikoa eta, zehazkiago, nortzuk diren komunitate horretako kideak. Komunitatearen definizio teorikoarekin zerikusi zuzena dauka identitatearen kontzeptuak, eta, horregatik, ezinbestekoa da etorkinen etorrerak euskal identitatean izan ditzakeen ondorio politiko zein kulturazkoei buruz hausnartzea ere.

Jordi Portak esaten duenez, identitateak desberdintasuna esan nahi du ez du nagusitasuna adierazi nahi, aniztasuna baizik. Identitateak jarraikortasuna dakar, hau da, denboran zehar hitz egin ahal izatea pertsona edo talde berari buruz ez du higiezintasuna esan nahi, baizik eta bilakaera. Eta, garrantzitsuena dena, identitateak norberaren izateko moduaren kontzientzia esan nahi du, eta, ondorioz, kanpoko errekonozimenduaren beharra.

Bertakoentzat identitatearen euskarria oroimen historikoan datza. Etorri berrien kasuan, ordea, harrera komunitatearen identitatearen jabetzak ez duena zertan asimilazioa izan prozesu progresiboa izan beharko luke, borondatezkoa, eta betiere etorri berrien beharrak kontuan hartu beharko lituzke.

Gure nazioa emakume-gizonen komunitate bat bada, kultura bera dutena eta lurralde jakin bati atxikitzen zaiona, eta beren burua gobernatzeko eskubidea aldarrikatzen dutena, eta, garrantzitsuena dena, iragan komuna izatea gain, etorkizun komuna nahi dutena beretzat; eta, finean, azken hori lortzeko, berdin da non jaio den nor.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)