Auzokideak ezagutzeko
Herriko etorkinen bizimoduaren berri izateko argazki erakusketa egin dute Barakaldon
Berria, 24-12-2006mikel carramiñana
Barakaldo
Ezagutzen ez den guztiari, askotan, mesfidantzaz begiratzen dio gizarteak. Horregatik dira arrotzak, herritar ugariren begiradapean, gure artean bizi diren etorkinak. Jatorria alde batera utzita, baina, auzotarren artean alde handirik ez dagoela erakutsi nahi du Barakaldoko Udaleko Immigrazio Zerbitzuak eta, helburu horrekin, etorkinak protagonista dituen argazki erakusketa antolatu du. Herri desberdinetatik etorrita Barakaldon bizi diren hamalau etorkinen eguneroko bizitza ezagutzeko aukera ematen du Bizilagunak erakusketak.
Clara Campoamor kultur etxera joaten direnek Barakaldon bizi eta lan egiten duten hainbat lagunen argazkiekin egingo dute topo. Denbora argazkigintza elkarteko lagunek etorkinen irudiak egin dituzte. Hamalau argazki horiek dira beste horrenbeste paneletako irudi nagusiak eta, aldamenean, bestelako argazkiak ageri dira, etorkinek eurek erabilera bakarreko argazki kamerekin egin dituztenak. Haien senideak eta lagunak ageri dira bertan, eta etorkin bakoitzaren egunerokotasuna hobeto ezagutzeko lagungarri gisa erabili dituzte.
Besteak beste, Errumaniatik etorritako Cristina Sandu, Ekuadorreko Ximena Garcia, Georgiako Esmeralda Machaveli, Ridouane Chakouch marokoarra, Rongyi Chen txinatarra, Ana Peregrina boliviarra eta Natalia Fernandez argentinarraren argazkiak ikus daitezke erakusketan, haien bizitzari buruzko informazioarekin batera: Zertan lan egiten duten, norekin bizi diren Barakaldon edota noiz etorri ziren Euskal Herrira, esate baterako.
BIZIKIDETZA SUSTATUZ. Hiru urtez aritu da etorkinen eta bertoko herritarren arteko bizikidetasuna sustatzen Jone Pariza immigrazio teknikaria. Etorkinak direla – eta gerta daitezkeen arazoak ekiditea da bere zereginetako bat eta, horretarako, «ezinbestekoa da herritarrak eta etorkinak sentsibilizatzea ». Kultur aniztasuna sustatzeko, halaber, alderdi biek elkarri ezagutzea funtzeskoa dela uste du: «Aurreiritziak dira nagusi ezezagunei buruz hitz egiten denean, horrela, jatorriaren arabera sailkatzeko joera zabaltzen da. Horren aurka egitea da gure lan nagusienetako bat».
Barakaldon bizi diren etorkinak «egiten dutenagatik eta ez beren jatorriagatik» ezagunak izatea nahi du Parizak, eta, helburu hori gauzatze aldera, asteon aurkeztu duten argazki erakusketa bezalako egitasmoak antolatzen dituzte urtero. Barakaldoko Udaleko webgunea sei hizkuntzetan eskaintzea izan da bultzatu duten proiektuetariko bat, «gauza txikia ematen badu ere, garrantzitsua da informazio jakin batzuk beharrezkoa duenaren hizkuntzan helaraztea».
Duela sei hilabete abiatu zuten Funkyprojects agentziarekin batera diseinatutako proiektua. Lehenengo eta behin, protagonistak izango ziren etorkinak bilatu zituzten. Uste baino errazagoa suertatu zitzaien parte harzteko prest zeuden lagunak topatzea, «egia da gertuko jendea izan dela batez ere, alegia, gutako norbaitek ezagutzen zuena. Sindikatu eta elkarteren batek ere laguntza eman zigun horretan».
Herritar guztiek elkar ezagutzea ez da izan, alabaina, erakusketaren helburu bakarra, izan ere, auzotarren arteko loturak azalerazi nahi izan diztuzte. Askotan, «ezezagunak direnak uste duguna baino askoz gertuagokoak ditugu». Erakusketako protagonistak ezagutu gabe ere, «litekeena da zure adiskide batek etorkin horietariko bat edo bere ondoan ageri direnetariko bat ezagutzea». Herritarren arteko harreman sareak Barakaldon noraino zabaltzen diren agerian uzten dute, hartara, argazkiek.
Zer: ‘Bizilagunak’ argazki erakusketa.
Non: Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean.
Noiz: Urtarrilaren 15era arte.
(Puede haber caducado)