Alternatiben faltan

Berria, 23-12-2006

Andoni Eizagirre

EHUko ikaslea

Politika edukiz hustua izan denean, kostata ulertzen dira hautesleen mezu politikoak. Ariketa hori egitea, baina, nahitaezkoa da. Modu bat ondokoa da: alegia, eskuin – muturra Europan loratzea eta horiekiko liberal, sozialista zein kontserbadoreek jasotako kritikak ikertzea. Azken unean herritarrek bozkatzen dute, baina okerrekoa da posizio baten goraldia herritarren legitimazioari atxikita esplikatzea. Haatik, herritarren portaerak ulertzen ahalegindu behar genuke.

Ariketa publikoan hiru dimentsio bereizten dira: batetik, axola duten erabakimenen printzipioak gobernuei baldintzatuak datozkie, nagusiki ekonomiari dagozkionak; bestetik, lehia politikorako aukera bakarrak, itxuraz, nazioarteko instituzio ez demokratikoen eta herritarren arteko oposizio zibila dira, gerrari oposatzeak edo handikien bilkuretako elkarretaratzeek erakusten digutenez; azkenik, alderdien arteko lehia bakanak, eta gobernuen erabakimen izan daitezkeenak, identitate – politikak dira, politikagintza eskubide partikularren aitortzara estutzen duena, politika kexuan zein berekoikerian oinarrituriko iskanbila bilakatuz, hala nola abortua, gay eta lesbianak, edo animalien eskubideak. Bi mailakoak dira ondorioak: bata, sistema politikoari dagokiona; bestea, lehia politikorako edukiei dagokiena.

Lehen ondorioa, gaiztoaren funtzio legitimatzailea ona da. Sistema politiko orok ditu bere ezaugarri propioak, alderdi batzuen eta besteen ariketek irudikatua bereiztetik letorkeena. Eta sisteman direnek elkarrekiko desberdintasun esanguratsurik ez badute, gaiztoa definitzea eta gaiztoa politikagintzatik at uztea fenomeno inportantea da. Halako figurek, sozietate garaikideari dagokionean, kapitalismo globala legitimatzeko funtzio estrukturala betetzen dute. Izan ere, politikari eta ideia politiko batzuek gobernu eta lege politikoen mespretxua jasotzen duten une beretik, halaxe sistemaren ongia ere berresten da. Horrekin batera dator bigarren ondorioa: demokraziaren gatazka ardatz nagusi eta funtsezkoa zehazten dute. Egun gatazka ardatzak ez dira ezkerra/eskuina, zentroa/periferia modukoak, baizik eta bloke oso bat eratzen da muturreko taldeen aurkako batasun gisara, demokraziaren alde.

Aski da iragan hurbilarekin alderatzea, esfera politikoan esanahi berezikoa izan den posizio ezkertiarra desagertua izan dela ohartzeko. Hipotesi bat ere plantea genezake: batasun garaikidea eta muturrekoen gaitzestea alternatiba ezkertiar bat aldaratua uzteko apustu politikoa direla. Ezker berriak eta hirugarren bideak politikaren ulertzea eremu zehatzera ekartzearekin batera, eremu demokratiko baten hegemonizatzea ere sustatu du, bere antagonista erreala – ezkerra – mugiaraztera behartuz: politika ezkertiarrak bi aukera soilik ditu, hain zuzen ere, sistemaren muturra bilakatzea – bere ondorioekin – edo sisteman integratzea. Bi aukerak desegokitzat jorik, ezkerrak politika – gai politiko – batzuen kezkara lerratzea hobetsi du, hala sistema oposizio barik utziz.

Ezkerra jende onaren alderdia bilakatu da. Horretarako, baina, bi eginkizun eta bi hautu onetsi ditu. Alde batetik, tolerantzia eta multikulturalismoa ikurtzat astintzea erabaki du, hala pribilegioa duen klasea erakartzeko: politika eskubideen aitortza gisa ulertuz, mundu guztiari eskubideak onartzera lerratuko da; bestetik, subiranotasuna eta anti – kapitalismoa aldaratuak utzi ditu, gobernu interbentzioek politika bat legitimatuz. Horren ordaina, langileria umezurtz lagatzea eta komunitate politiko baten aukera baztertzea izan dira. Gaur egun, sistema politiko bat demokratikoa izanen da, bi ezaugarri nagusi betez gero: zenbait aukera politikoak alor kulturaleko lehian soilik bereizi ahalko dira, sexua vs. familia gisako dogmatismoetan; bigarrenik, herritarrak eta komunitate baten identitatea ez dira eztabaida izango, une jakinetako instrumentalizazioak salbu, nazionalismo eta abertzaletasun traketsenak gizarteratuz.

Ezaugarri horiek ditu garai post – ideologiko batek. Aniztasun ideologikoaren gainditzeak, ondorio nagusi bat du, hau da, antagonismoak ere amaitu direla. Ezkerreko talde, mugimendu eta alderdiek pluralismoa deskubritu izana da horren adibide bat. Euskal alderdi politikoen hitzaldiak irakurri besterik ez daude. Hain garbi ez dagoena, horren esanahi politikoa da. Izan ere, guztia dela anitza eta plurala esatearekin – arrazak, etniak, sexuak – , irakurketa horrek unitate propio bat eratzen du: guztia da plurala, eta pluraltasunarekin antagonismoa baztertzen da. Ezkerrak multitudeen irakurketa hori onartzearekin, identitate anitzak antagonismo eta asimetrien altzoan direnik ere ukatu egiten du; identitateak orain «indeterminatuak», «ugariak» eta «irekiak» dira, logika simetriko batean ehunduak, indibiduo erreflexibo gisara bizimodu estiloak egunerokoan bakoitzak hautatuz.

Diskurtso publikotik asimetriak eta bazterketa kanporatuak geratzeko, esklabotza, lanesku merkea nahiz esplotazioa delitu ekintza gisa definituak uzten dira; etikak kondenatu eta zuzenbideak epaituko ditu. Liberalismoak lana eta horren gorabeherak eremu publikotik ateratzea lortu du: bizitza publikoa merkatuan garatzen bada, kontrakoa delitua izango da, eta atxilotu egin beharko da; bidenabar, eztabaida politikotik at uzten dira. Bitartean, langileria hiztegi politikoetatik borratuko da; lantokitik bueltan datorrenak etorkinaren sufrimendua ikusiko du telebistan; etorkinarekiko tolerantea izatea eskatuko zaio, oro har, banako guztiei aitortu beharko zaizkie eskubide partikularrak, haurrei, gaixoei, etorkinei, adinekoei, jipoituei, bestearekiko intolerantzia gaindituz eta subjektu aniztasuna errekonozituz.

Horrela, batetik, herriaren, erkidegoen, langileriaren eskubide kolektiboak erreprimitzen dira; gizartea bere osotasunean zeharkatuko duen ideologia antagonista bat artikulatzea fundamentalismoaren pareko aukera ortodoxo bailitzan kontsideratu ohi dugu. Bestetik, alderdi batzuen gorakada politikoa eta hitzaldi politiko jakin baten ernaltzea sustatu eta bermatzen dugu. Lehen gogoeta jaso beharra dago, ordea, bigarrena ulertzeko. Nire ustez, proto – faxismoa ez dator herritarrok ez dugulako tolerantziaren kultura geureganatu. Haatik, alternatibak desegin eta joko eremu bakar gisa kapitalismoa onetsi denean, sistematik at kokatuak izan diren politikak harrera ona izaten ari dira. Joerak gero eta nabarmenagoak izan daitezke.

Egia hil dugu; politikagintzaren edukiak tolerantziaren parametro kulturaletan ipini ditugu. Kultura politiko horretatik datoz oposizioak ere, tartean diferentea arbuiatzearena, halabeharrez. Arbuioa eta fanatismoa aukera okerra dira pertsona jantzien iritzirako, pluraltasunari deritzotelako aukera ona; eurek ez dute baliabide materialez kezkatu beharrik, eta komunitatea, subiranotasuna, justizia iraganekoak zaizkie. Sentimendu hori hitzaldi politikora jasotzea eta gizarteratzea, ezkerrak berriki egin duen akats larriena da. Gainontzekoa ibilian – ibilian dator.

 

Langileria hiztegi politikoetatik borratuko da; lanetik datorrenak etorkinaren sufrimendua ikusiko du telebistan; tolerantea izatea eskatuko zaio, oro har, banako guztiei aitortu beharko zaizkie eskubide partikularrak

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)