Dimititzeko eskatu diote Martuteneko espetxeko zuzendariari

Martuteneko espetxean hildako Abdel Karim gaztea aberriratzeko diru laguntza eskatu diete herritarrei

Berria, 21-12-2006

U. ZUBELDIA

Donostia

Etsita eta amorru aurpegiarekin dago Mohamed El Ddah. Abdel Karim El Ddah – ren lehengusua da, eta astelehen arratsaldeaz geroztik dago Euskal Herrian. Orduan joan zen Martuteneko espetxera, bertako zuzendariak Abdel Karim nola hil zen esplika ziezaion. Duela bost urtetik Espainian bizi da, Andaluzian, eta lehengusuaren heriotzaren berri izan zuenean etorri zen Donostiara. Abdel Karimi behin baino gehiagotan esaten omen zion Esteponara joateko, baina hark Euskal Herrian geratu nahi zuela erantzuten zion beti. «Orain begira non dagoen. Bizimodu hobearen bila etorri eta okerragoa aurkitu zuen».

Noiz eta nola iritsi zen Abdel Karim Euskal Herrira?

Abdel Karim, Saharako gazte gehienak bezala, bizimodu hobearen bila etorri zen. Sei aldiz saiatu zen etortzen, eta lau – bost aldiz kanporatu zuten. Aaiun hiriburutik (Mendebaldeko Sahara, Marokok okupatutakoa) txalupan Kanaria Uharteetara iritsi zen, eta handik Euskal Herrira, Gasteizera. Berak Euskal Herrian egon nahi zuen, eta horregatik saiatu zen sei aldiz etortzen. Ondoren, ordea, ez dakit nola, baina espetxeratu egin zuten, eta ordutik sufrimenduan bizi izan da.

Gasteizen espetxeratu eta ondoren Martuteneko espetxera eraman zuten. Aldaketa horretan Hernaniko familia batek asko lagundu zion Abdel Karimi, ezta? Nola sortu zen harreman hori?

Espetxean ikastaro batzuk egiten dituzte, eta Hernaniko familiak hor ezagutu zuen Abdel Karim. Gaztea zela ikusten zuten, pobrea… Emakume hark neba bat ere badauka, Mikel, eta biek babes handia eman digute. Eskerrik asko Mikeli, bere arrebari, aitari eta amari. Izugarri eskertzen diegu Abdel Karim espetxean egon den bitartean emandako laguntza, eta, orain ere, tramite edo izapide guztiak betetzeko ematen ari zaizkidan laguntza.

Orain urte eta erdi sartu zuten espetxean, baina osasunez ez zebilen ondo. Horren jakitun zen familia?

Espetxean sartu aurretik ez zeukan gaixotasunik. Espetxean gaixotu da. Ez dakit nola sufriarazi dezaketen hainbeste espetxean. Gainera, kanporatzeko agindua onartuta zeukaten; bere herrialdera bueltatu nahi zuen. Baina etengabe atzeratzen aritu dira eta emaitza badakigu zein izan den.

Kanporatzeko agindua, beraz, onartuta zegoen, baina ez zuten espetxetik ateratzen. Nola aurre egiten zion berak horri?

Azken hiru hilabeteotan oso gaizki egon da, fisikoki eta psikologikoki. Gaztelaniaz oso gutxi hitz egiten zuen. Espetxean asko daude horrela, komunikatu ezinik. Kanpotarrek laguntza behar dute espetxean, komunikatu ahal izateko. Espetxean zeuzkan bere lagunek esan zidaten pilula asko ematen zizkiotela lasaitzeko, baina azkenerako etsi egin du.

Orain gorpua zuen herrialdera eramateko laguntza eskatu duzue, gutxienez bertan hilobiratu ahal izateko. Baina Abdel Karimek pasa behar izan duena ikusita, zer eskatuko zenieke agintariei? Nola konpondu daiteke espetxeko egoera?

Atzerritarrak hobeto tratatzeko eskatuko nieke, irakasle berezien bidez etorkinoi gauzak ikasten laguntzeko. Gosez, bizimodu hobe baten bila etortzen gara etorkinak, baina etortzen ere ez digute uzten. Denok etortzen gara lanera, bizimodua hobetzen saiatzera. Ez gara beste ezertara etortzen. Baina bizimodua gogorra da. Etorkinok laguntza behar dugu. Besterik ez. Baina erakundeek gorpua etxera eramaten ere ez digute laguntzen. Espetxeko zuzendaritzak eta Espainiako Gobernuak ezezkoa eman digute, Jaurlaritzak ere ez digu erantzun… Gutxienez lagun diezagutela gorpua etxera eramaten.

 

«Baimena bazeukan arren, Aaiunen gatazka zegoela eta ezin zutela hara eraman adierazi zuten poliziek»

cesar manzanos

salhaketako ordezkaria

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)