«Ekonomikoa da, ez kulturala, etorkinak gizarteratzeko giltza»

Langile atzerritarren umeek Kataluniako eskoletan hizkuntza ikasi eta gizarteratzeko egiten duten bidea aztertu du Bilbon, Kontseiluak egin dituen jardunaldietan

Berria, 20-12-2006

iñigo bilbao

Bilbo

Hizkuntza ikastea ez dela etorkinak gizarteratzeko giltza esan du Ignasi Vila (Donostia, 1950) Gironako Unibertsitatean (Katalunia) Hezkuntzako Psikologia Ebolutiboko katedradunak, Kontseiluak antolatuta, euskararen, immigrazioaren eta hezkuntza sistemaren arteko loturak aztertzeko egin dituzten jardunaldietan.

Hizkuntza da etorkinek gurean lekukotzeko daukaten atea?

Inola ere ez. Gizarteratzeko daukaten giltza politikoa da; eta ekonomikoa, eta soziala, eta kulturala, noski. Baina hasierako hiru horiek gabe, kulturala ez da gertatuko. Inor inon gizarteratzeko bertako herritartasuna onartu beharko zaio, eta herritarra den heinean ikasiko du lekuko hizkuntza.

Eskolak lagundu dezake?

Beharko! Familiak ez badu hizkuntzarenganako jarrerarik hartzen eta eskolak ez badu ezer egiten, ume horiek ez dute aurrera egingo. Bien arteko elkarlana ezinbestekoa da umeok behar bezala eskolatzeko. Eskolan atseginez egon behar dute eta gustura egoteko, familiak ere ikusi egin behar du lekua egiten zaiela dauden tokian.

Gaurko immigrazioa eta duela 40 urte Espainiatik izan zena, berdinak dira?

Ezta hurrik eman ere. Garai hartako immigrazioa ekonomikoa zen, huts – hutsean, landa eremutik hirira aldatzen zuten pobreena izan zen hura. Oraingoa berriz globalizazioak eragindakoa da, bizitza proiektua gure artean garatzeko asmoz etorritakoena. Jende hori jantzia da oso, ziur aski gurean ikasiko duten euren seme – alabak izango diren baino gehiago.

Katalunian atarramendurik izan da umeok lekukotzeko eskola programekin?

Umeok katalana ikasgelan bertan ikasten dute, gainerako umeekin batera matematika, natur zientziak edo geografia lantzen dituzte. Harrera gelak badituzte gainera, eskolan bertan, hizkuntza azkarrago ikas dezaten, baina gainerako ikaskideengandik bereizi gabe. Eta ikasten dute.

Zenbat urte behar izaten dituzte ikaskideen gaitasun maila lortzeko?

Urte asko behar da horretarako. Ez dira gauza bera lagunen arteko solasaldiak, eta edozein ikasgai ulertu eta azaltzeko beste gaitasuna lortzeko. Horretarako, gutxienez, bost urte behar izaten dituzte. Baina ikaskideekin batera egonik eta oinarrizko gaitasuna lortuta, errazago izaten zaie gero gaitasun akademikoa lortzea. Izan ere, eskolatik kanpoko hizkuntza gaztelania izaten dute, ez katalana.

Gazte etorkinen jatorriaren araberako jarrerarik atzematen da?

Hego Amerikako nerabe eta gazteen aldetik atzematen dira katalanaren kontrako jarrerak. Zentzuzkoa ere bada. Gustura bizi zuten auzotik atera zituzten, eurei ezer galdetu barik, eta Espainiara eraman. Eta Espainian daudela ohartzen dira gaztelaniak ez diela ezertarako balio eskolan. Zein gazte ez da halako egoeran bihurrituko?

Eskolatik kanpo, kalean, gaztelania nagusi izateak zein neurritan trabatzen die gizarteratze prozesu hori?

Jakina trabatzen duena. Kalean gaztelaniaz ikasi dutena katalanez esaten jakin dezaten, berriro ere ikasi egin behar izaten dutelako eskolan, eta horrek atzeratu egiten du prozesu guztia.

Eskolak zein neurrian hartu behar ditu aintzat umeon jatorrizko hizkuntzak?

Onartu egin behar ditu. Hori zelan egiten den? Umeon izen – deiturak ikasi eta zuzen esatea, edo diosalak haien hizkuntzetan egitea modu bat izan daiteke. Baina eskolak batez ere, familiekin dituen harremanen bidez etxean euren hizkuntza erabil dezaten sustatu beharko du, eta katalanez irakurtzen eta idazten ikasten dutela, ahalegina egin beharko du gurasoek etxeko hizkuntzan ere irakurtzen eta idazten irakats diezaieten.

Hizkuntza gizarteratzeko giltzarria ez bada ere, katalana ez jakiteagatik inor bigarren mailako herritar gera daiteke?

Euskararekin gertatzen den bezala, argi dago katalana ondo egiten dutenek errazago izaten dutela lana topatzeko, eta posturik onenetan gainera. Etorkizuna elebiduna izango dela ebatzi bada, herritar oso izateko guzti – guztiek beharko dute elebidun izan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)