Etorkinen euskalduntzea, errespetutik abiatu behar den zeregina

Gaiaren inguruko 'Aniztasunean' jardunaldiak ari da burutzen Kontseilua

Diario Vasco, 19-12-2006

DONOSTIA. DV. Euskara eta inmigrazioa hezkuntza sisteman gaia ardatz duten Aniztasunean jardunaldiak ari da egiten Kontseilua Bilbon. Atzo hasi ziren, Etorkinen Nazioarteko Egunarekin batera, eta gaurtxe amaituko dira, bi egunetan zehar zenbait txosten aurkeztu eta, horrez gain, zeregin honetan inplikatuta dauden hiru sektore nagusien – euskalgintza, etorkinak eta hezkuntza sistema – elkarlanerako esparru izan diren zenbait tailer burutu ostean. Horixe da, hain zuzen, jardunaldien ekarpen eta berrikuntza nagusietako bat: elkarren ezagutzan eta elkarlanean aurrera egitea ahalbidetuko duten espazioak sortzea.

«Euskararen hizkuntza – integrazioa lortzeko abiapuntua etorkinen errealitate linguistikoen aitorpena da», esan zuen irekiera saioan Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek. Euskarak guztion hizkuntza, elementu komuna izan behar duela azaldu zuen, «baina aurretik inmigranteen errealitate linguistikoa kontuan izan behar dugu, haien hizkuntza eta kultura aitortu eta errespetatu». Elkarrekiko aitorpenetik abiatu behar dugula gogorarazi zuen, halaber, AZRAF elkarteko Latif Jatabik. «Guk ere aitortu behar dugu Euskal Herriko hizkuntza euskara dela, bertan bizi eta lan egiten dugulako», adierazi zuen.

Aditu eta parte – hartzaile ugari bildu dituzten jardunaldiotan, besteak beste, Kontseiluak gaiari buruz prestatu duen txosten zabala aurkeztuko da. Eusko Jaurlaritzarekin horretarako hitzarmena sinatu ondoren, bederatzi ikuspegi desberdinetatik aztertu dute egoera zenbait espezialistak. Oinarrizko diagnostikoa eta beste hainbat atal osatzeaz gain lana eta jardunaldiak koordinatu dituen Mario Zapatak dioenez, «lehendik ere egin dira lan txukunak, baina honek duen berezitasuna da administraziotik kanpoko eragile batek egina izateak ematen dion ikuspegia».

Berak aurkeztu zuen atzo Oinarrizko diagnostikoa deritzon aurreneko atala, hizkuntza – politika eta inmigrazio – politika oinarri hartuta hezkuntzaren inguruko azterketa egiten duena. Bi ikuspegi horiek uztartuz, hizkuntza edo kultur integrazioa integrazio orokor baten testuinguruan hartu behar dela azaldu zuen. «Gure ikuspuntua integrazioan oinarriturik badago – esan zuen – , Euskal Herrian berezkoa dugun hizkuntzarekiko errespetua eta atxikimendua eskatzen dugun moduan beste kulturekiko errespetua eta errekonozimendua ere izan behar dugu».

Alde horretatik, etorkinen artean nagusi den A ereduaren ezaugarri kezkagarriak zehaztu zituen diagnostikoaren ondorio nagusiak mahairatzeko orduan. Euskalduntzea bermatzen ez duen A eredua etorkizuneko kohesio sozialerako kaltegarria izan daitekeen «getizazio prozesuak» eragiten ari dela esan zuen, besteak beste.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)