Herbehereek gelditu egin dute 26.000 etorkinen kanporatzea
Berria, 16-12-2006erredakzioa
«Operazioak porrot egin du. Gaixoa onik atera da», adierazi zuen sozialdemokraten buru Wouter Bosek, Herbehereetako Legebiltzarraren erabakiaren berri izan zuenean, herenegun. Orain arte, Immigrazio ministro izan den Rita Verdonkek bultzatutako neurria zen 26.000 etorkin kanporatzea. Baina aste honetan, bere aurkako konfiantza mozioa galdu ostean, atzera bota dute haren erabakia. Verdonkek, baina, oker larritzat jo du Jan Peter Balkenenderen erabakia.
Dena den, operazioa eten izanak ez du esan nahi etorkin guztiak han geratuko direla. Orain Justizia Ministerioa arduratuko da gaiaz. «Kanporatzeko agindua duten horien artean gaixoak eta pentsiodunak daude. Ez dute lagunduko dien inor beren herrialdean. Beste batzuen kasuan, haurtxo bat duen Irango bikote bat bezala, amak hemen gelditzeko baimena du, baina aitak ez», salatu du Kan Marijnissen sozialistak. Oraingoz, geldituko direnen zerrendan seme – alaba txikiak dituzten familiak eta larrialdi egoeran daudenen izenak agertzen dira.
(Puede haber caducado)