Sakelako telefonoaren bidez dirua berehala bidaltzeko zerbitzua du Euskadiko Kutxak

Bezeroak kutxari dirua nori bidali nahi dion esan, eta hark onuradunari mezua bidaliko dio argibideekin

Berria, 16-12-2006

IBAN OCIO

Bilbo

Eskudirua azkar bidali eta azkar jaso, sakelako telefonoaren bidez. Zerbitzu berritzailea jarri du abian Euskadiko Kutxak, beste sei finantza erakunderekin batera – Bankinter, Banesto, Caixa Galicia, Bancaja, El Monte eta Cajamar – . SMS mezuak dira giltza. Aurrenik, dirua nori bidali nahi dion azaldu behar dio bezeroak kutxari edo bankuari. Erakundeak, segituan, mezua bidaliko dio onuradunari – bezero izan ez arren – . Eta dirua jasotzeko, pasahitza emateaz gain, gertuen daukan kutxa automatikoa zein den esango dio. Kutxa automatikora joan, pasahitza eta diru emaileak berak aukeratutako ezkutuko zenbakia sartu eta dirua atera ahal izango du onuradunak, txartel barik.

Azkarra ez ezik, sistema «segurua eta erraza» da, Euskadiko Kutxako Jose Maria Narbaiza Berrikuntza zuzendariaren hitzetan. Azaldu du herritar gehienek dutela sakelako telefonoa gaur egun, eta zerbitzua martxan jarri duten erakundeek 6.000 kutxa automatiko dauzkatela. «Herritar guztien eskura dago» Hal – Cash izeneko zerbitzua, beraz.

Nahikoa da igorlea zazpi banku eta kutxa horietako bateko bezero izatea. «Bidalketa bakoitzeko bi euro pagatu eta kito. Ohiko zerbitzuak baino merkeagoa da Hal – Cash». Erabilera asko dauzka, gainera, Bankinterreko buru Fernando Alfarok dioenez.

Larrialdietarako «tresna paregabea» da. «Demagun asteburua dela, pertsona batek kreditu txartela galdu duela eta diru premian dagoela. Gure bezero den bikotekideari, gurasoari edo lagunari deitu, eta zenbat diru gura duen esango dio. Bezeroak, gero, egunez eta gauez beti zabalik dagoen arreta zerbitzura hots egin dezake, eta sistema osoa martxan jarriko da berehala». SMS mezua jaso eta segituan atera daiteke dirua. Onuradunak, bestela ere, hamar egun dauzka kutxa automatko batera joateko. Epea igaroz gero, bertan behera geratuko da bidalketa, eta dirua itzuliko zaio bezeroari.

ETORKINENTZAT, OSO BALIAGARRI. Larrialdiez haratago, Hal – Cash enpresa txikientzat eta etorkinentzat ere oso baliagarri dela azaldu du Bancajako zuzendariorde Pedro Gomezek. «Enpresek askotan dirua eman behar diete langileei, honetarako edo hartarako. Kutxa txiki bat izaten dute lantokian. Hortik hartu ohi dute dirua, eta norbaitek jardun behar du kutxa zaintzen eta dirua zenbatzen. Hal – Cashi esker, ordea, nahikoa izango dute finantza erakundeari agindua ematea telefonoz».

Baina, akaso, etorkinek erabiliko dute gehien zerbitzua, Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo ere dirua jaso daitekeelako. Are gehiago, Hal – Cash martxan jarri duten zazpi erakundeek akordioa egin dute jada Ekuadorko banku batekin. Europara, Ameriketako Estatu Batuetara eta Latinoamerika osora hedatu gura dute zerbitzua urte gutxiren buruan.

 

«Azkarra, erraza eta segurua da zerbitzua, eta sakelako telefonoa duten guztien eskura dago»

jose maria narbaiza

Euskadiko kutxako berrikuntza zuzendaria

«Dirua bidaltzeko, bezeroak nahikoa du egunez eta gauez zabalik dagoen arreta zerbitzura deitzea»

FERNANDO ALFARO

BANKINTERREKO ZUZENDARI NAGUSIA

 

 

Zerbitzua pausoz pauso

Euskadiko Kutxa berriki bildu da Hal – Cash partekatzen duten erakundeen taldera. Zerbitzuak hilabete batzuk daramatza martxan, eta 4B, Euro 6.000 eta Servired sistemekin dabil. Hauexek dira dirua bidaltzeko eta jasotzeko pausoak.

Agindua eman. Lehen – lehenik, dirua nori bidali nahi dion azaldu behar dio bezeroak finantza erakundeari, telefonoz, Internetez edo bulegora joanda.

Onuradunari deitu. Kutxak edo bankuak baiezkoa eman bezain pronto, onuradunari deitu behar dio bezeroak. Zenbat diru bidaliko dioten esan eta diru hori jasotzeko kode bat eman behar dio.

Kutxaren SMS mezua. Hal – Cashek, aldi berean, mezua bidaliko dio onuradunari: pasahitz bat eman eta gertuen duen kutxa automatikoa zein den esango dio.

Onuradunak dirua atera. Kutxa automatikora joan, kodea eta pasahitza sartu, eta dirua atera dezake onuradunak, nahiz eta bezeroa ez izan, inongo txartel barik.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)