Zenarrutzabeitiaren ustez, kohesio soziala indartzen du EAEko aurrekontu egitasmoak

EABk eta PPk aurrekontu egitasmoari aurkezturiko zuzenketak atzera bota ditu Eusko Legebiltzarrak

Berria, 16-12-2006

PSE – EEk eta Aralarrek hainbat aldaketa eragin dituzte hirukoaren egitasmoan

Hezkuntza, etxebizitza, osasuna eta gizarte politikak. Horiek dira PSE – EEk Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoaren negoziazioan lehenetsi dituen esparruak. Hala adierazi zuen behintzat sozialisten legebiltzarkide Joana Madrigalek , osoko zuzenketa erretiratuko zutela berretsi zuenean. Halaber, garai politiko berrian liskarrak albo batera utzi behar direla esan zuen Madrigalek, eta «euskal gizarteak behar duen lasaitasuna eta egonkortasuna» lortzeko aurrekontuen akordioa beharrezkoa dela esan zuen.

Lortutako akordioaren arabera, etxebizitza sailean emanen da igoera nagusia. Izan ere, 16,9 miloi euro gehiago gastatuko dira hainbat partidetan, alegia EHUko kontratu programan, ikastetxeetan lanak egiteko, edo ikasle inmigranteak laguntzeko. Halaber, gizarte politikak abiatzeko 7,2 miloi euro gehiago gastatuko dira; etxebizitza politikan 1,3 miloi igo da aurrekontua; eta hezkuntza arloan 16,9 miloi.

Bestetik, Aralarrek atzo argitu zuenez lortutako aurre akordioa bakarrik atzoko osoko bilkurarako bozketarako izan da, «aurrekontuei babesa ematea ezinezkoa baita, hutsune nabarmenak izateaz gainera, ‘euskal Y’aren proiektuaren aurka dago Aralar». Nolanahi ere, taldeko legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok aurre akordioaren ondorioz 30,5 miloi gehiago inbertituko direla nabarmendu zuen. Batez ere, hezkuntzan, etxebizitzan eta euskal kulturaren alorrean zehaztuko dira igoerak.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)