Immigrazio arloan ados jartzen saiatuko dira EBko buruak gaur

Batasunaren hedapena eta Konstituzioaren erreforma ere badira atzo hasitako EBren goi bileraren ardatzak

Berria, 15-12-2006

juanma sarasola

Atzo eta gaur artean Europako Batasuneko 25 estatu kideetako agintariek, goi bileran, esku artean dituzten erronkarik garrantzitsuena legez kanpoko immigrazioan eta EBren hedapenean adostasuna lortzea izango da. Horrez gain, Europako Konstituzioaren etorkizunaren inguruko eztabaidari berriro nola heldu izango dute hizpide, Bruselako bilkuran.

Frantziako Barne ministro Nicolas Sarkozyk atzo berretsi zuenez, EBko estatu kide batek ez luke etorkinen arautze kopuru handirik egin beharko gainerako kideei iritzia eskatu gabe. «Denok ulertzen dugu immigrazio politika komun bat beharrezkoa dela». Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok esan zuen espero zuela goi bilerak immigrazioaren inguruko planteamendu berria finkatzea.

Goi bilerarako EBren Finlandiako presidentetzak eginiko proposamen hauek onartzea espero dute: Europa hegoaldeko kostan patruila bateratuak sortzea, Frontex Mugetarako Europako Agentziaren eskumen eta baliabideak handitzea, muga kontrolak zorroztea eta legez kanpoko lanpostuen kontrako neurriak hartzea.

HEDAPENA ETA KONSTITUZIOA. EBren hedapenari dagokionez, Portugalgo lehen ministro Jose Socratesek nabarmendu zuen haren gaineko negoziazioak EBren printzipioen arabera egin beharko dituztela, eta beharrezkoa dela hautagaiek hauei ezarritako irizpideak betetzen dituztela ziurtatzea.

Luxenburgoko lehen ministro Jean – Claude Junckerren iritziz, auzirik korapilotsuena hau da: «Ea hedapen prozesua instituzioen erreforma konpondu aitzin egiten jarraitu behar dugun edo ez».

Konstituzioaren erreforma beharrezkoa da EBk orain dituen 25 estatuetatik 27 edota gehiago izatera igarotzeko. Hain justu, urtarrilaren 1ean Bulgaria eta Errumania lotuko zaizkio EBri.

EBn sartu nahian dabilen beste estatu bati dagokionez, egoera zailean da Ankara. Turkiak Zipreko iparraldea okupatuta izaki, eta Zipreko hegoaldeko merkantzia ontziei bere portuetan sarbidea ahalbidetzeari uko egiten dionez, EBn sartzeko elkarrizketen atal batzuk bertan behera uztekoak dira goi bilera honetan EBko agintariak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)