Inongo ez diren horiek

Berria, 15-12-2006

Nora Palmintano

Zestoako euskara teknikaria eta ‘Immigrazioa eta hizkuntza politika udalerri euskaldunetan’ jardunaldietako koordinatzailea

Immigrantea. Etorkina. Arrotza. Gauza bera ote? Asko aldatu da immigrazioa azken hamabost urteotan. Asko, era berean, Euskal Herrira kanpotik datozenen egoera.

90eko hamarkadan, gutxi batzuk ginen, banaka etortzen ginen. Aukera bi besterik ez genituen: integratzeko bideak bilatzea ala «desintegratzea» (eta etxera edo beste norabaiteko bidea hartzea). Tarteko biderik ez zegoela esango nuke: lehenago edo beranduago, batera ala bestera makurtu behar izaten genuen.

Egoerarik onenean etorri nintzela zalantzarik ez daukat. Espainiako nortasun – agiria eta bestelako paper guztiak nituen – derrigorrezko zigiluez beteta, zorionez – ; eta diru pixka bat ere bai, ondo administratuz gero, pare bat urte igarotzeko lain; eta euskaldun bat alboan, lehenengo ateak zabaldu zizkidana – ateak berak zabaldu zizkidan, baina sartzeko pausoak nik neuk eman behar izan nituen – .

Euskal Herriaz eta euskaraz? Existitzen zirela juxtu – juxtu nekien, besterik ez. Baina lehenengo kontaktuak euskaraz egiten zuen jendearekin izan ziren. Hemen bizitzera etorrita, bada, logikoena, dirua gastatu artean euskara ikastea. Eta horrelaxe egin nuen. Ondoren, lana bilatu, eta integratzen hasi.

Egoera eta garai bertsuetan etorri ziren beste bi neska ezagutzen ditut. Beraiek ere berdintsu jokatu zuten. Hirurak «integratuta» gaude: familia badugu, lana eta lagunartea ere bai.

Integratu egin gara, eta geurea izan zen integratzeko esfortzua. Bertako gizarteak ez gintuen gu behar. Baina poliki – poliki, han – hemenka muturra sartuz, ingurukoak behartu egin ditugu gu onartzera. (Gogorregia, «behartu» aditza erabiltzea? Aitortu behar dut ez niola inori ere baimenik eskatu hemen gelditzeko eta bizitzeko).

Baina zer da «integratze» delako hori? Atzera begiratuta, uste dut hau dela: arrotza izateari utzi eta etorkin huts bihurtu naizen unea. Hots, gaur ez naiz inongoa; jatorriarekiko lotura nagusiak apurtuta, lurralde berrian lehenengo lokarriak sortzen dira. Bertako jendearengandik lehenengo onarpen keinuak lortzen dira. Ikusezin izatetik, «hemen bizi den argentinarra» lehenengo, eta ondoren «Nora» izatea lortzen dut.

Inongoa ez. Ez hangoa, ez hemengoa. «Baina zu nongoa zara?» Erantzun benetan zaila eta mingarria: ez bainaiz aspalditik argentinar sentitzen, eta bertako… bertakotzat onartzen ote naute?

Gauzak asko aldatu dira 15 urteotan, gaur egun oso bestelakoa da immigrazioa. Alde batetik, etorkinak bakarrik ez datozelako, taldeka baizik. Bakarrik iritsita ere, berehala elkartzen dira jatorri bereko beste etorkin batzuekin; eta lana lortu eta segituan, familia ere ekartzen dute. Integrazioaren ikuspegitik, aukera gehiago dituzte guk izan genituenak baino: beren komunitate txikia sortu eta bertan behar sozial guztiak aseta, hemengo komunitatearekiko harremanak laneko kontuetara eta zeregin administratiboetara mugatu ditzakete.

Beste aldetik, egungo gizarteak etorkinen beharra du. Etorkinak behar ditugu gure zaharrak eta haurrak zaintzeko, errepideak eta etxeak eraikitzeko, taberna eta jatetxeetan guri zuritoak, pintxoak eta menuak zerbitzatzeko. Baita biztanleak urritzeko joerari aurre egiteko ere.

Arinki begiratuta, egoera ezin hobean daudela ematen du: lan bila datoz, beraientzako lana dago… Primeran! Euskara ikas dezatela azkar, eta «hala bazan eta ez bazan…»

Baina ez da horrela. Beraientzat, urrutiko intxaurrak hamalau, bertaratu eta ezta lau ere! Gaur egun datorren immigranteen kopuru nagusia batere paperik gabe dator. Dirurik ez, jakina, eta gehienetan egindako bidaia ordaintzeko izugarrizko zorra utzita. Diru – premia itzela, edozertan lan egiteko prest. Baina paperik ez.

Eta paperik gabe ez dute inongo eskubiderik, ezin dute lan – kontraturik sinatu, ezin dute etxerik alokatu… Ez dira inor, ez dira existitzen. Eta paperik ez duten bitartean hobe dute ez gaixotzea, eta poliziarekin topo ez egitea, bestela azkar asko emango diote jaioterrira bueltatzeko txartela.

A ze pagotxa, paperak lortzeko lan eskaintza eta tramitazioa egiteko prest dagoen bat aurkitzea! Gutxi batzuk dira zorionekoak, beste guztiak beltzean lan egitera behartuta, dirua lortzera hasieran utzitako zorra ordaintzeko, geroago familiari bidaltzeko, ondoren etorkizun hobea eraikitzen hasteko. Zenbat denbora eman beharko dute arrotza izateari utzi ahal izateko, etorkin huts bihurtzeko?

Asko daude egoera horretan. Horietako batzuk ezagutzen ditut. Ez dute irribarrea erraz galtzen, eta, ahal duten neurrian, duten denbora libre bakarrean, igande arratsaldez edo gauez, euskara ikasi nahi dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)