Senegaldik duela bederatzi egun atera zen ontzi bateko 22 etorkin hil dira itsasoan

Berria, 15-12-2006

erredakzioA

Kanariar Uharteetarako bidean atera ziren duela bederatzi egun Senegaldik. Dozenaka immigrante zihoazen ontzian. Horietako 22, baina, itsasoan hil dira. Casamance hegoaldeko hiritik atera zen ontzia eta atzo hiriburura itzuli zen, Dakarrera. Marokoko kostalderaino iritsi ziren etorkinak, baina itsasoaren egoera kaskarrak eta kontrol neurriak saihesteko ezintasunak atzera egitera bultzatu zuten. Bizirik ateratako immigranteek jakinarazi zuten elikagairik gabe gelditu zirela eta bidaideak hotzez eta gosez hil zirela. Yoff hondartzara iritsi ziren atzo eta hildakoak itsasora bota zituztela zehaztu zuten.

Beste 133 etorkin zeramatzan ontzia iritsi zen Kanarietara. Negua iristear dela eta, egunotan murriztu da hara iristen diren etorkinen kopurua. Aurten 25.000 bat iritsi direla uste da. Anartean, hara iritsi nahi zuten Saharaz hegoaldeko hiru etorkin hil ziren Dakhlako (Mendebaldeko Sahara) uretan, eta beste bi hiriko ospitalean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)