«Euskal migrazio politika» beharrezkotzat jo dute etorkinak behar bezala integratzeko
2003an etorkinekin lan egiteko ildo berriak zehaztu zituzten Sakanan; ordutik bost esparru landu dituzte
Berria, 15-12-2006U. ZUBELDIA
Eibar
«Etorkinak euskararen mundura erakarri behar ditugu, baina euren sustraiak mantentzeko aukera izan behar dute. Etorkizuneko Euskal Herria anitzagoa izango da, baina kultura ezberdinak nola lotu aztertu behar dugu». Iker Mariñelarena Sakanako Mankomunitateko Euskara Batzordeko lehendakariak atzo Eibarren (Gipuzkoa) zehaztu zuenez, 2003an etorkinekin lan egiteko ildoak zehaztu eta helburu horiei erantzun nahian hainbat ekimen sortu dira azken aldian Sakanan. «Ekimen garrantzitsuak, baina mugatuak. Naziorik gabeko estatua garenez, eskumenik ez daukagulako guk nahi dugun politika egiteko».
Sakanan herritarren %80 bertakoa da, eta %20 etorkinak dira; %15 EB Europako Batasunekoak eta %5 EBtik kanpokoak. Eta errealitate horren aurrean, Sakanan zer bide egin dute? «Batetik, harrera liburuxka egin dugu. Sei hizkuntzatan, eskualdeko oinarrizko zerbitzuak azaltzen dira bertan». Harrera ikastaroak ere badauzkate; euskararekin harremanik ez daukatenek euskal gizartea hobeto ezagutzeko. «Etorki(zu)nak ekimenak ere egin dira azken hiru urteotan, immigrazioaren eta kulturaniztasunaren nondik norakoak egokiago ulertzeko».
Hiru lan ildo horiekin batera, beste bi ere badauzkate martxan: «Ikastetxeak ezagutzeko hezkuntza gida, batetik, eta oinarrizko gizarte zerbitzuekin egindako ekimenak, bestetik». Etorkinentzat arreta zerbitzua ere martxan jarri nahi zuten, etorkinen oinarrizko beharrei euskal naziotasunaren bidetik erantzuteko, baina, oraingoz, bidean geratu da ekimen hori.
HARREMANAK INDARTZEKO EZINEAN. Integrazioaren bidean lan ildoak zehaztuta daude, beraz, Sakanan. «Eta lanerako irrika handia dago. Baina etorkinek elkarterik ez daukatenez, eurekin harremanetan jartzeko eragozpenak dauzkagu. Eurekin lan egiteko talderik ere ez dago». Eguneroko zailtasunak zailtasun, beste udalerri batzuentzat ispilu ona izan daiteke Sakanakoa.
«Etorkinek ere euren historia, hizkuntza, kultura… dauzkatela onartu behar dugu»
markos nanclares
immigrazioaren trataeran hezkuntza aditua
(Puede haber caducado)