Gauza handirik ez ospatzeko
leihatila
Berria, 14-12-2006CRISTINA BERLANGA
Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren urteurrena izan da. Beti bezala, baina, ospatu beharrekoa baino gehiago da aldarrikatu beharrekoa. Urtero bezala, gauza ugari entzun ditugu munduan gertatzen diren eskubide urratzeen inguruan; urratze gutxi izaten dira herrialde garatuetan, baina asko besteetan. Eta oso gauza gutxi entzun dugu eskubide horiek beste interes batzuen mende egoteari buruz, alegia, babes handiagoa merezi duten eta segurtasuna, terrorismoaren aurkako borroka eta mugen babesa direla-eta gure eskubideak gero eta gehiago mugatzen dituzten interesen mende. Hasieran muga horiek ezohikoak baziren ere beste batzuen arazoa zela zirudien, gainera, ohikoak dira gaur egun, eta kexa gutxi dagoenez, ematen du onartu egiten ditugula, segurtasunak bermatutako ongizatearen izenean. Esparru pribatuan ere gertatzen da esku-sartze hori, gizarte neoliberalek hainbesteko garantia ematen dioten horretan. Agintariek intereseko ezkontza zela pentsatzeagatik, Frantzian bikote bati ezkontzeko eskubidea ukatu diotela eta bikotekideetako bat Marokora bidali dutela entzun dugu egunotan. Espainian, atseginezko ezkontzen inguruko agindu bat argitaratu dute urtearen hasieran izen hori eman diote, Erregistro eta Notaritza Zuzendaritza Nagusiarena, eta aintzat hartzeko modukoa da. Ezkontza mota horien instrukzioaz dihardu, «maiz egiten baitira halakoak, diru kantitate jakin baten truke: pertsona batek beti ez bada ere, atzerritarra izaten da hori askotan diru kopuru bat ordaintzen dio beste bati beti ez, baina espainiarra izaten da hori gehienetan azken hori berekin ezkon dadin, elkarrekin ez direla biziko eta ez dutela familia bat sortuko hitzartu ondoren». Dioenez, ezkontzearekin ados egotea adierazi arren, ez dago ezkontzeko benetako borondaterik, herritartasunaren eta atzerritartasunaren inguruko hainbat onura lortzekoa baizik. Nahiz eta testu horrek onartu Kode Zibilak ez duela ezkontzaren helburua zehazten – horri dagokio ezkontza arautzea-, ezkontzaren helburua familia sortzea dela dio, besteak beste; hori, baina, Zuzenbide Kanonikoaren xedea litzateke estatu akonfesional batena baino gehiago. Lehenik eta behin, agindu horrek susmopean jartzen ditu bikotekideetako bat atzerritarra duten milaka eta milaka senar-emazte, eta pertsonaren intimitatean sartzen da, pertsonaren intimitatea baita horren borondatea. Beti izan dira eta izango dira intereseko ezkontzak, estatuaren interesekoak batzuk, baina tartean atzerritar bat dagonean bakarrik pizten da alarma agintarien ustez. Kasu horietan konstituzioaren aurkakoak diren ikerketa eta galderak egiten dizkiete ezkontideei, nahiz eta giza eskubideen inguruko nazioarteko itunek eskubide hori babestu. Eta Frantzian gertatutakoa ez da salbuespena, ehunka ezkontza baliogabetu baitituzte argudio horiek oinarri hartuta. Gogorarazi behar dugu, berriz ere, eskubide ugari urratzen direla Euskal Herrian, baina eskubide oinarrizkoenak ere ez dituzten milaka pertsona bizi direla hemen.
(Puede haber caducado)