Immigrazioagatik, gero eta txiroago
Etorkizun oparoago baten bila alde egin zuten arren, bidaiak gehiago pobretu die bizimodua emakume askori
Berria, 14-12-2006iñigo bilbao
Leioa
Sorterria bizimodu oparoago baten bila utzi duten arren, immigrazioa Afrikako emakume askoren bizimodua oraindik gehiago pobretzeko arrazoi izan da. Larriago bizi dira senarrak alde egin eta etxean sendiaren kargu geratu direnak, baina baita gizonaren atzetik Europara egin duten emakumeak ere. Munduko pobreziak emakume izaera duela esan izan da; immigrazioak egoera hori areagotu baino ez du egin Afrikan.
Afrikako emakume batek eman du horren berri. Remei Sipi du izena, pobreziaren atzaparretatik ihesean aspaldi Kataluniara joan eta bertan E’Waiso Ipola Ekuatore Gineako emakumeen elkartean dabilena, lanean eta borrokan. EHUko Leioako Campusean (Bizkaia) izan da egunotan, 0,7 Fondoak antolatuta egin dituzten Pobrezia eta Emakumeak izeneko jardunaldietan. Berbaldian mahaikide izan ditu Ana Greaves SOS Arrazakeriakoa, Raquel Celis CEAR elkartekoa eta Monica Hernandez Euskadiko Elkarbidea erakundekoa.
Sipik azaldu duenez, Saharaz Hegoaldeko Afrikako emakumeen egoera larria da, munduan garapen bidean diren gainontzeko herrialdeetako emakumeena bezala, baina baditu ñabardurak. Immigrazioak gainera, modu berezian eragiten die. «Etxean geratzen direnei, familiak – berea bakarrik ez, senarrarena ere bai – euren ardurapean hartu behar izaten dutelako, eta gizonak alde egiteak ez duelako esan nahi, zoritxarrez, inoiz sosik helduko denik etxera. Larregi dira etxekoek zer jazo zaien ez dakitela, bidean hil edo geratzen diren gizonak».
Senarraren atzetik Europara joandakoen zoria ez dela hobea izaten azaldu du. Batez ere, lekuan lekuko legeek senarraren manupean bizitzera behartzen dituztelako, etxetik kanpo lan egitea galaraziz. «Atzerritarren Legeak senarrari lotzen ditu, nahi eta ez. Haren guraria bete ezean, atzera sorterrira itzuli araziko dutenaren mehatxupean bizi da emakume asko».
ESKUBIDEAK MURRIZTEA. SOS Arrazakeriako kideak osatu egin du Espainiako legeek emakumeongan duen eragina: «Afrikatik etorritako emakumeek gaur sufritzen dituzte, joan den mendeko 60 eta 70. hamarkadetan emakumeek Espainian pairatzen zituzten murrizketa bertsuak».
Greavesek datu gehiago eman ditu immigrazioaren inguruan, Atzerritarren Legeak emakume etorkinengan duen eragina zehaztu du eta horiek guztiak Euskal Herriko errealitatean kokatu ditu. Izan ere, emakumezkoak dira Europako Ekialdetik etorri direnetatik erdia; eta hiru laurdenak Hego Amerikatik etorritakoen kasuan. Marokokoak dira senarrarekin batera datozen bakarrak. Gainontzeko emakumeak edo familiarekin, edo bakarrik etorri dira, eta erdiak edo, goi mailako ikasketak ditu.
Kopuruetan asko diren arren, ez hedabideetan ez lan merkatuan emakume horiek ez direla ikusten ohartarazi du Greavesek: «Albisteetan gizonak dira protagonista nagusiak eta emakumeak edo biktima bezala edo sexu kutsua duten berrietan baino ez dira agertzen».
Ikasiak diren arren, aukerak oso mugatuta dauzkate: etxeko lanetan ez bada, umeak edo gaixoak zaintzen, ostalaritzan eta, kasurik okerrenean, prostituzioan baino ezin dute jardun. «Neskame dabiltzan askok eta askok, gainera, etxean bertan bizi behar izaten dute. Erabat isolatuta dauzkate, eta horrek muturreraino eramaten du sufritzen duten bazterketa».
Ikusezinak izateak baditu bestelako eragin kaltegarriak, Greavesek azaldu duenez. Ariketa moduan, gogora ekarri ditu, etorkinen gainean ezer gutxi esaten zenean, duela 15 edo 20 urte, Euskal Herriko etxe askotan neskame ibili ziren Filipinetako emakumeak. «Asko ziren, hiru milatik gora, baina inork ez zekien haietaz ezer; ez zeintzuk lan baldintzak zeuzkaten, ez noiz itzuli ziren etxera, ez eta zer jazo zen gerora emakume haiekin». Ezjakintasun hura gaurkoa ere badela azpimarratu du.
Hernandezek bere aldetik, Peru eta El Salvadorrek emakumeen egoerak eta borrokak eman ditu ezagutzera, eta errefuxiatuekin lan egiten duen CEAR elkarteko Celisek, berriz, munduan izaten diren Giza Eskubideen urraketek zelan eragiten dieten emakumeei, eta Europako Batasunak horren aurrean duen jarrera azaldu du.
«Atzerritarren Legeak senarraren mende jartzen ditu emakume hauek; mehatxatuta bizi dira»
remei sipi
kataluniako e’waiso ipola elkarteko kidea
«Albisteetan gizonak dira protagonistak; emakumeak biktima gisa baino ez dira agertzen»
ana greaves
Sos arrazakeria elkarteko kidea
(Puede haber caducado)