Agenda. GPs-a

Ezagutzak partekatuz

Kultur Arteko XI. Astea izango da larunbatera arte Gasteizen, biztanleek elkar hobeto ezagutzeko

Berria, 12-12-2006

jon rejado

Gasteiz

Gero eta kultura gehiagok bat egiten dute gure gizartean. Elkar hobeto ezagutzeko, Kultura Arteko XI. Astea egingo dute Gasteizen: Afroamerikar Elkarteak, larunbatera arte, hamaika ekitaldi antolatuko ditu, Ezagutzak partekatuz lelopean. Hitzaldiak eta hainbat herrialdetako sukaldaritza tailerrak izango dira ostiralera arte, eta, larunbatean, jai batekin biribilduko dute astea.

Gaur bertan izango da lehen hitzaldia, Jose Roberto Marro Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendariaren eskutik. Eusko Jaurlaritzaren immigrazioari buruzko politika izango dute hizpide, Aldabe gizarte etxean, arratsaldeko 19:30ean. Marcos-Suka-Umu Suka doktoreak emango du bigarren hitzaldia, bihar, Landatxo gizarte etxean. Herrialde berri batera txalupetan heltzen saiatzen direnen egoera aztertuko du

GASTRONOMIA ETA JAIA. Sukaldera jauzi egingo du Kultura Arteko Asteak ostegunean. Cabo Verdeko errezeta batekin piztu zuten ikusmina atzo bertan Landatxo gizarte etxean, eta ostiralera arte beste hainbat herritako jakiekin gozatzea egongo da. Cookie-ak platanoarekin prestatuko dute ostegunean, Kamerungo errezeta. Ostiralean Kubako errezeta bat prestatuko dute: congry arroza txerrikume erre eta kruxpetekin.

Larunbatean bukatuko da Kultura Arteko Astea, jai batekin. Aldabe gizarte etxean izango da, arratsaldeko 18:30ean. Musikak eta dastatzeak izango dira jaiaren oinarrian. Flamenkoa, capoeira, Andeetako musika eta bestelakoak entzungo dira arratsaldean. Dastatzeko produktuetan ere aniztasun handia izango da, hamaika herrialdetako jakiak izango baitira.

Ekimen hauekin kultura guztien topaleku bat lortu nahi dute antolatzaileek, aniztasunak duen garrantzia azpimarratuz.

non zer

Nazioarteko sukaldaritza. Ostegunean eta ostiralean, Landatxo gizarte etxean, 19:30ean.

Hitzaldiak. Asteartean Aldabe gizarte etxean eta asteazkenean Landatxo gizarte etxean, 19:30ean.

Kultura arteko jaia. Larunbatean, Aldabe gizarte etxean, 18:30ean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)