Kontseiluak euskara eta immigrazioaren arteko harremanaren diagnosia egin du

'Aniztasunean' izeneko jardunaldiak egingo dituzte, etorkin berriak euskaraz zelan gizarteratu ikusteko

Berria, 12-12-2006
b.

Bilbo

Mario Zapata soziologoak egin du euskara eta immigrazioak hezkuntza sisteman duten loturaren gaineko diagnostikoa. Bilboko jardunaldietan emango du horren berri, bera izan da – eta jardunaldiak prestatu eta antolatu dituen aditu taldearen koordinatzailea.

Immigrante berriek nola eragin dute hezkuntza sisteman? Bada hor arazorik?

Batzuetan arazoak izan dira noski, eskoletan gaia lantzeko baliabide falta izan dutelako. Ezin dugu ahaztu, gainera, egoera lekuaren arabera izaten dela. Nafarroan, adibidez, etorkin kopurua handia da eta Administrazioaren aldetik egin diren kudeaketarako planek ez dute aintzat hartzen bertan euskal kultura badenik ere. Bada bitxia, plan horretan kultur aniztasunaz nahikotxo hitz egiten duten arren ez baitute aintzat hartzen Nafarroan dagoen berezko kultura. Kezkagarria da Nafarroako egoera, Administrazioaren aldetik ez dagoelako asmorik etorkinen seme – alabak lekukotzen direnean euskal kulturan egin dezaten.

Erkidego Autonomikoan aitortu behar dugu azken urteetan saioak egin dituztela Hezkuntza agintariek immigrazio mundu hori euskal kulturara erakartzeko. Hutsuneak egon daitezke, noski, baina gutxienez saioa egin dute. Irakaskuntzan dabiltzanak kexu dira baliabide falta izaten dutelako, edo ez dituztelako trebatzen. Premiak handiak dira oraindik. Beste gauza bat da, gainera, zein punturaino Hezkuntza Sailaren irizpide orokorrak egokiak diren edo ez.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemako hizkuntz ereduak ez dira traba ume etorkinen lekukotzea lortzeko?

Hizkuntz ereduak berezko arazo dira mundu guztiarentzat. Izan ere, horren ondorioz badakigu sektore bat izango dela euskaldunduko ez dena. Kasu honetan larriena da etorkinen seme – alaba gehienak hor metatuta daudela, A ereduan, eta horrek areagotu egiten du neska – mutiko hauek berez jasotzen duten bazterketa, betikotu egiten duelako. Hemen bizi direla ez badute euskara ikasten, bihar edo etzi oztopo handiak izango dituzte lan bila hastea egokitzen zaienean edo beste edozer egin nahi izango dutenean.

Etorkinen artean jatorrizko ama hizkuntzaren araberako jarrerarik sumatzen da?

Halako hipotesiak egon daitezke baina hori esateko datu zehatzik ez dago. Daukagun hutsuneetako bat datu falta da, horiek gabe ezin delako hausnarketa zehatza egin. Badago horren inguruko intuiziorik irakaskuntza munduan dabiltzanen aldetik, baina besterik ez.

Borondatea aitortu izan da etorkinen jatorrizko hizkuntzei eutsi eta eskolan bertan aintzat hartzeko. Bada esperientziarik munduan hori posible egin duenik?

Badira, bai. Arazoa borondatezkoa baino gehiago materiala izaten da. Europako hainbat herrialdetan landu dituzte horretarako programak. Hemen gertatzen zaigu eztabaida horren aurretik baditugula bestelako eztabaidak. Murgiltze ereduen balioa planteatzen denean, esaterako, horren atzean badago zein formula erabiltzen den euskara irakasteko. Geure etxean badaukagu gai horien inguruan hausnarketa egiteko premiarik.

Bestela, eskaintzak egon badaude, eta zaila da esatea zein den baliagarriena. Uste dut guk geure bide propioa egin beharko dugula, bestelako esperientzia horiek kontuan hartu arren. Eta galderaren hasiera harturik, nik uste dut borondatea egon badagoela, bai jendearen aldetik, bai eta Administrazioaren aldetik ere. EAEn gutxienez ikusten da badagoela horretarako nahia.

Arazoa da hizkuntza asko pilatzen denean nola egin horiek guztiak kudeatzeko. Zenbait eskolatan gaur 20 edo 30 hizkuntza egon daitezke. Halakoetan oso – oso zaila da eskola barruan horiek guztiak kudeatzea. Arazorik handiena nik hor kokatzen dut.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)