Etnonazionalistak gara, bai; eta zer?

Berria, 09-12-2006

Jakes Lafitte

Ingeniaria

Enbata aldizkariaren 1948. zenbakiko euskarazko sar – hitza eta joan den irailaren hasieran Alda aldizkarian Bernard Cassen – ek idatzitako artikulua irakurrita, etnonazionalismoa gero eta gaitzetsiago dagoela nabari da.

Etnismoa leinukeriarekin eta arrazakeriarekin aldezten dute politikari klasikoek. Aditu argi askoren artean, bereziki Frantziako jakobinoen artean, indarkeriarekin aldezten dute etnismoan oinarrituriko errebindikapenak: maiz ikusten da prentsa arruntean «indarkeria etnikoa», «garbiketa etnikoa» eta «bazterkeria etnikoa» bezalako esapideak.

Oso pena zait Guy Heraud eta François Fontan zirenek idatziriko liburu mardulek – l’Europe des ethnies (Ethnien Europa) eta Ethnisme vers un nationalisme humaniste (Etnismoa: nazionalismo humanista baterantz), hurrenez hurren – oihartzun gehiago ukan ez izana gizartean. Baliteke, liburu horiek joan den mendeko 60ko hamarkadakoak izateagatik, eta garai haietan etnonazionalismoak indar gutxi edukitzeagatik, ospe gehiago lortu ez izana.

Bi liburu horien ildoetatik zehazki joanez gero, arrazakeria edo leinukeriaren apologiarik ez dela egiten ikusten da; aitzitik, etnien arteko liskarrak lasaitzeko eta etnien iraupena lortzeko bideak bilatzen eta ikertzen dira liburu horietan. Bere aniztasun etnikoa ezagutu nahi ez duen estatua, aldiz, da indarkeriaren bidea zabaltzen duena. Hori oso nabari izan da Aljeriaren arazoaren garaietan: «Aljeria Bretainia edo Euskal Herria bezain frantsesa da», zioskun François Mitterand jaunak denboraldi horietan Frantziako Barne ministro zenak. Hots, estatu sakratu baten batasunaren izenean, gutxiengoen existentzia eta eskubideak ez ezagutzeak liskarrak eta gerra zibilak eragiten ditu.

Gogoan daukat oraindik 1968. urtean Montpelhierko okzitanizale batek idatzitakoa:

«Gauzak argi eta garbi esan ditzagun: etnismoa ez da arrazakeria, ez du nehor baztertzen, kontzientziazio libroa da aldiz; ez du etnismoak gerla edo borroka sortzen, baina herrien kemenak biltzen ditu».

Hori da azkenik etnonazionalista izatea: etorkizuna zalantzan duen herri kultur eta hizkuntza baten alde aritzea, folklorekeriak utziz, eta egitura politika berriak ekimen horrek ondorioztatzen dituela gogoan hartzea.

«Etnonazionalista» deitzen gaituztenek jakin bezate estatu nazionalak beti etnia batetik sortu zirela, bitez etnia bakar batez (Portugal) ala etnia anitzez (Frantziako Estatua, edo Espainiakoa) eginik. Arazoa da estatu bakoitzak barneko etniak aintzakotzat hartu eta beren oinarrizko eskubide guztiak – autodeterminazio eskubidea barne – onartu eta errespetatu beharko lituzkeela.

Europan bertan beste bi adibide nabari baditugu. Lau etniak osatzen duten eta aleman etnikoek eraiki zuten Suitzako estatua, eta gutxiengo askoz osaturiko Frantzia. Lau mende gerlan ibili gabe iragan ditu lehenengoak; Frantziak, aldiz, denboraldi berean kanpoko eta barneko gerletan sartu da, haien mugak hamaika aldiz aldatu ziren bitartean.

Bistan da, etnonaziolismoak ezagutzen dituen Suitza baketsuagoa dela.

 

Hori da azkenik etnonazionalista izatea: etorkizuna zalantzan duen herri kultur eta hizkuntza baten alde aritzea, folklorekeriak utziz, eta egitura politika berriak ekimen horrek ondorioztatzen dituela gogoan hartzea

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)