Haurren esperientziak eta giza duintasuna saritu dituzte Zinebin

Aurtengo jaialdian parte hartu duten Euskal Herriko hamar filmetako hiruk saria jaso dute

Berria, 03-12-2006

Maite Asensio

Bilbo

Errealitatearen gordintasunari zintzotasunez aurre egin dioten lanek irabazi dituzte aurten Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren sariak. Aste honetan ikusgai egon diren 93 film laburretatik 15ek jaso zuten bart saria, bai epaimahaiak, bai hainbat kultur elkartek, bai publikoak izendatuta.

James Benning estatubatuarrak, Chus Gutierrez espainiarrak, Gili Dolev israeldarrak eta Manuel Perez kubatarrak osatutako epaimahaiak ikusitako filmen aniztasuna nabarmendu zuten, nahiz eta komedien falta egon dela onartu. Batzuk besteak baino txukunagoak izanik ere, jaialdia zinema komertzialean nekez aurki daitezkeen lan kritikoak ikusteko aukera bikaina dela esan zuten.

«Film batek zerbait sentiarazi behar dizu; hori lortzea erabilitako tekniken eta baliabideen gainetik dago». Hitz horiekin azaldu zuen Gili Dolevek epaimahaiak filmak saritzeko erabili zuen irizpidea. James Benningek zinema berriro definitzeko eskatu zuen, hau da, kopiak egin ordez zinemaren hizkuntza zabaltzen duten lanekin ausartzea.

Epaimahaiko kideek dituzten ikuspegi desberdinen gainetik, emakumeen eta haurren esperientzien erretratuak estimatu dituzte, baita gizakien duintasunean oinarritutako lanak ere. Era berean, zinemagileek munduko injustiziak salatzeko erantzukizuna dutela esan zuten. Horren seinale dira saritutako filmak.

Bizitzako gauza txikiek duten garrantzia aztergai duen Lampa cu cacicula fikziozko film laburrak irabazi du jaialdiko sari nagusia. Radu Jude errumaniarrak zuzendutako lan horretan aita – seme batzuen arteko harremana irudikatzen da, bidaia bat aitzakia hartuta. Fikziozko film laburren arloan, Twilight errusiar – estatubatuarrak eta Vika israeldarrak jaso zituzten urrezko eta zilarrezko mikeldiak hurrenez hurren. Biek senitarteko harremanen ikuspegi hunkigarria eskaintzen dute. Bestalde, Latinoamerikako film onenari, AECIren Zilarrezko Karabela, Venezuelako El aprendiz – ek irabazi zuen.

Film dokumentalen arloan, ez zen zilarrezko mikeldirik egon, urrezkoa hiru lanek irabazi zutelako: Nikita and Nikita errusiarrak, Jaba alemaniarrak eta Uku Ukai lituaniarrak. Epaimahaikoek aho batez erabaki zuten hirurei saria ematearen neurri berezia, «balio gizatiarren eta artistikoen adierazgarri» direlakoan.

Izan ere, bizitzako momentu zailenetan (porrota, heriotza edota pobrezia izan) gizakiek barrutik atera behar izaten duten kemenaz eta indarraz mintzatzen dira hirurak.

Animazioari dagokionez, ezohiko istorioa kontatzen duen Tyger brasildarrak irabazi zuen Urrezko Mikeldia, eta dokumentalaren egituran oinarritutako Aldrig son första gangen suediarrak zilarrezkoa.

Horietaz guztiez gain, ikusleek Herbehereetako film dokumental bati eman zioten euren saria: Martijn Smits – en Otzenrath. Izen bereko herriak meategien aurka duen borrokak jendearen elkartasuna lortu du.

EUSKAL FILMAK ERE SARIDUN. Euskal Herriko hamar lanek hartu dute parte jaialdiaren atal ofizialean. Jorratu dituzten gai anitzen artean, gizabanakoen kezkak aztertu dituzten filmak gailendu dira. Saridunen artean arlo bakoitzeko euskal film bana dago aurten.

Kutsu existentzialista duen For®est in the des(s)ert fikziozko filmak irabazi zuen Fas zineklubaren Saria. Bestalde, Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Elkarteak eta Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkarteak ematen duten Euskal Gidoi Onenaren Saria animaziozko lan batek irabazi zuen: Perpetuum movile, Florentziako alkimista batek haur bati sortzen dion jakin – minaren ingurukoa.

Zinebiko epaimahaiak, berriz, dokumental bat saritu du. Euskal Herrira uda pasatzera datorren errusiar neskato baten esperientzia kontatzen duen El verano español filmak irabazi du Euskal Zinemaren Saria. Espainiar Zinemaren Saria, berriz, Abandonatti dokumentalak irabazi zuen, pobrezia gordinari egindako erretratuaren bidez.

Manuel Perez epaimahaikideak saritutako lan guztiek duten ezaugarri bat azpimarratu zuen: «Film hauek ikuspegi gogorra dute, hunkitu egin naute. Zintzotasun handiz egin diote aurre errealitate gordinari».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)