EBko hegoaldeko mugan immigrazio zaintza sistema ezarri nahi dute
Berria, 01-12-2006agentziak
Afrikako iparraldetik heltzen diren paperik gabeko etorkinei aurre egiteko, hegoaldeko itsas mugan Europako zaintza sistema ezartzea proposatu zuen atzo Europako Batzordeak. Horrez gain, «legezko immigrazioa» sustatzeko neurriak aurkeztu zituen Europako Batasuneko gobernuaren eginkizuna betetzen duen erakunde exekutiboak. Besteak beste, jatorriko herrialdeetan enplegu bulegoak ezartzea, eta behin behineko immigrazio egitasmoak indarrean jartzea proposatu zuen.
Europako Zaintza Sistema (Eurosur) eratzea nahi du batzordeak. Radarrak eta sateliteak erabiliko lituzke, eta egun estatuen esku diren sistemak ordezkatuko lituzke. Egitasmoa indarrean jartzeko, proposamena Europako Legebiltzarrean aurkeztu beharko du batzordeak, eta Europako Batasuneko kide diren estatuek onartu beharko dute. Tramiteak «ahal bezain pronto» abiatuko dituztela esan du batzordeak. Mugak zaintzeko Europako Agentziak (Frontex) erabaki duenez, etengabeko patruilak egingo dituzte datorren urteko udaberria eta udazkenean, «gerta daitekeen etorkin oldea saihesteko». Erabakiarekin bat egiten du Europako Batzordeak aurkezturiko proposamenak.
Horrez gain, «legezko immigrazioa» bultzatzeko neurriak proposatu ditu Batzordeak. «Auzo herrialdeekin lankidetzan aritu behar dugu, batez ere Afrikakoekin, immigrazio estrategia bateratua garatzeko», esan zuen atzo Franco Frattini Justizia, Segurtasun eta Askatasunerako komisarioak. Horretarako, emigrazio bulegoak ezarriko dituzte hainbat herrialdetan, informazioa emateko, eta egonaldiak kudeatzeko. Horrez gain, egonaldia amaituta, etorkinaren itzulera bermatuko du agentziak. Frattiniren arabera, horren bidez, immigrazioa «mafientzat negozioa izatea, eta etorkinen esplotazioa galaraziko lirateke».
«ZAPALKUNTZATIK IHESI». Mendebaldeko Saharako kostaren parean hondoraturiko bi txalupetan zihoazen 14 pertsona ito eta 26 desagertu ziren igandean. Fronte Polisarioak atzo adierazi zuenez, «Marokoren zapalkuntzatik» ihes egiten saiatzen ari ziren gazteak ziren biktimak. Polisarioak salatu duenez, Marokoko segurtasun indarrak lanean dabiltza giza trafikatzaileekin, Rabatek diseinaturiko plana gauzatzeko. Planaren helburua, Polisarioaren arabera, Mendebaldeko Saharatik «okupazioaren kontra borrokatzen dutenen indar biziak» ateratzea da.
(Puede haber caducado)