Immigrazioak goranzko joerari eutsiko diola aurreratu dute Eustat txostena egin dutenek
Berria, 30-11-2006Iñigo bilbao
Bilbo
Langile atzerritarren kopuruak gorantz egin du azken 5 urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Duela hamar bat urte herritarren %1,5 baino gutxiago zirenak, gaur ia %5 izatera heldu dira. Adituen esanetan, eutsi egingo dio goranzko joerak herritarren %15 izatera heldu arte. Mikel Zurbano EHUko Ekonomia irakasleak eman du datua, EAEko Txosten Sozioekonomikoa aurkezteko egindako agerraldian.
Bilbon egin dute, Euskalduna Jauregian, sortu zenetik hogei urte bete dituela ospatzeko Eustat estatistika erakundeak antolatu dituen jardunaldietan. Txostenean hainbat aldagai kontutan hartuta hiru herrialdeetako errealitatea aztertu dute, 2004 urte arteko datuetan oinarrituta.
Zurbano bera izan da azterketa koordinatu dutenetako bat eta berak eman ditu ezagutzera jasotako emaitzak. Horren arabera, batez ere hiru herrialdeetako hiriburuetan bizitokia hartu duten langile atzerritar gehienak, hamarretik zazpi, hegoamerikarrak dira.
Ekonomiari dagokion atalean, lanpostua dutenen kopuruak gora egin badu ere, txostenaren egileek ohartarazi dute eskasagoa dela jendeak lortu duen lanaren kalitatea. Datozen urteetan lan merkatuak jende gehiago behar izango duela esan du Zurbanok eta aurreratu du, baita ere, etorkin berriek eta emakumeek beteko dituztela batez ere postu berri horiek.
Nabarmendu du hala ere, enplegua aldi batekoa eta partziala izaten dela, gaur egun nagusitu den joerari eutsiz. Txostenaren egileek egiaztatu dute, bestalde, emakumeek lortzen dituztela gehienbat mota horretako lanpostuak.
Errentaren banaketari dagokionez, azterketak agerian utzi du gehien eta gutxien irabazten dutenen aldea oso handia dela oraindik, nahiz eta bataz beste apur bat igo diren errentak eta errenta ertainak dituztenen bizi baldintzak hobetu egin diren.
Euskarari dagokionez, hezkuntza alorrean emaitza onak lortu direla esan du; batez ere eskolan eta D ereduan. Hala ere, eguneroko bizitzan ohiko hizkuntza bilakatzeko euskarak zailtasun handiak dituela oraindik aitortu du.
(Puede haber caducado)