Mendebaldeko Saharako 10 etorkin hil dira itsasoan eta 21 desagertuta daude
Berria, 28-11-2006erredakzioa
Mendebaldeko Saharatik iragan larunbatean abiatu ziren bi ontzi hondoratu egin dira itsasoan. Hamar pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte, tartean hamalau urteko gazte batena. Beste hogeita bat lagun desagertuta daude. Salbamendu taldeek hamahiru lagun erreskatatu dituzte. Patera batean 24 immigrante joaten ziren orotara eta bigarrenean hogei. Guztiak sahararrak ziren.
Mendebaldeko Saharako giza eskubideen elkarteek jakinarazi dute gertatukoa. Aaiun eta Bojador hirien arteko kostaldetik itsasoratu ziren ontziak larunbatean. Kanariar Uharteak zuten helmuga. Aaiungo Hassan ospitalean hildakoen gorpuak jaso zituzten atzo.
ARRAZOIAK ARGITZEKE. Bizirik ateratako hainbat sahararren arabera, kostaldea zaintzeko patruila batek ontzi baten kontra jo zuen hura hondoratuz. Marokoko Gobernuaren patruila bat zela zehaztu zuten. Beste lekuko batzuk, alta, bertsio hori ukatu eta ontzia bere kabuz hondoratu zela jakinarazi zuten.
Mendebaldeko Saharan duela urte eta erdi abiatu zen intifada baketsuan parte hartzen duten gazteek presio handia jasaten dutela salatu dute giza eskubideen erakundeek. Marokok, zentzu horretan, ontzietan alde egiteko laguntza ematen diete sahararrei. Mafiak ere antolatuta daudela salatu dute. Iragan uztailean 26 saharar hil ziren itsasoan.
Asteburuan, bestetik, manifestazio jendetsuak egin dituzte sahararrek Aaiunen, Smaran, Tan Tanen, Assan, Bojadorren eta Dajlan.
(Puede haber caducado)