Ekuadorko bozetarako faboritoa Correa da, baina oso alde txikiarekin
Bozetarako bigarren txandan, lau puntuko aldea ateratzen dio ezkerreko hautagaiak Noboari
Berria, 26-11-2006Unai Vazquez – David ruiz
Quito (Ekuador)
Alianza Paiseko buru eta presidentetzarako hautagai Rafael Correa oso gertukoa du Alberto Acostak. Ezkertiarrak irabaziz gero, Energia ministro izateko aukera handiak ditu Acostak. Herrialde duina eta subiranoa lortzeko aukera da hau beretzat.
Hauteskundeetako lehen itzulian, bozak irabazteko faborito nagusia Rafael Correa zen, zuen hautagaia, baina azkenean Alvaro Noboak irabazi zituen. Uste duzue iruzurra izan dela lehen itzulian?
Iruzurra argia da. Hori frogatzeko elementu asko daude. Esaterako, botoen zenbaketa amaitu ostean, ohartu ginen zenbatutako botoak eta emandakoak ez zetozela bat. Zenbatutako botoak askoz ere gehiago ziren. Nondik atera ziren? Badakigu gure alderdia faboritoa zen herri askotan baliogabeko boto kopurua oso handia izan zela. Gero jakin dugu herri horietako batean, non Rafael Correak bertako indigenekin lan egin zuen, ez zela behar zen adina boto eraman. Hau da, 400 behar ziren eta 200 iritsi ziren. Zenbaketa egiterakoan, ordea, 400 botoak zeuden, eta erdiak baliogabeak ziren. Hauteskunde gauean Hauteskundeetarako Auzitegi Gorenera bidali behar ziren milaka boto aurkitu zituzten zakarretan.
Ez al zegoen hori kontrolatuko zuen talderik?
Ez. AEE Amerikako Estatuen Erakundeko presidente Rafael Bielsarengana jo dugu kexatzera. Baina hark ez du bermatzen prozesua justua izatea, gizarteko ordezkariekin egindako bileretan oso gaizki hitz egin duelako Correari buruz. Hori esku – hartze onartezina da. Horrek guztiak pentsarazten digu, bozetako lehen itzulian bezala, bigarren itzulian ere iruzurra egongo dela, ez delako ezer aldatu. Baina, hala ere, Ekuadorko herriak ez du itxaropena galdu.
Zein iritzi duzu orain arte Gobernuak egin duen lanaz?
Gure herrialdean oligarkiak bultzatutako politikaren ondorioz, gure dirua galdu genuen. Orain ez dugu gurea den dirurik. Dolarra dugu. Era berean, Amazoniako basoak eta eskulana desagerrarazten ari dira. Bizia suntsitzen ari dira. Neoliberalismoaren eta oligarkiaren politikaren ondorioetako bat da migrazioa. Uste dut badela garaia oligarkiak Ekuadorko herritarrei eragindako mina sendatuko duen Gobernua izateko. Ekuadortar asko ihes egitera derrigortu dituzte. Hori tragedia nazionala da.
Zein da Alianza Paisen proposamena hurrengo agintaldirako?
Guk politika bereziak bultzatuko ditugu herrialdetik joan behar izan duten horientzat. Joandakoak ez ditugu ikusten soilik diru iturri gisa. Guretzat, gizakiak dira lehenik. Gaur egungo sistema ekonomikoak soilik dirudunak aberasteko balio du, eta dirudun horiek atzerrian inbertitzen dute beren dirua. Beste era batera ikusten dugu migrazioa. Emigranteak Ekuadorko bosgarren estatua bilakatu nahi ditugu. Horretarako, lehenik kontsulatu birtual bat sortzea proposatu dugu, kanpoan bizi direnek oztopo gutxiago izan ditzaten beren arazoak konpondu edo eskaerak egiteko garaian. Horregatik gonbidatu nahi ditugu kanpoan bizi direnak gurekin bat egitera Ekuador herrialde duina eta subiranoa izan dadin.
(Puede haber caducado)