«Sei planeta behar dira Lehen Mundukoen erritmoari eusteko»

Oraindik beste mundu bat posible da, baina ez da ideologia kontua, iraupenekoa baizik, lehen aldiz historian gizakia Lurra suntsitzeko moduan baitago

Berria, 26-11-2006

Joxerra senar

Donostia

Hazkundearen kontzeptua ekonomiaren ardatza den arren, ez dago betiereko hazkunderik. Daniel Jover Promocions taldeko ekonomista eta Reconsiderar la riqueza y el empleo (Aberastasuna eta enplegua berriz pentsatzen) liburuaren egileak uste du ingurumena, etika eta gizarte balioak kontuan hartuko dituen ekonomia bat behar dela. Baina ez ideologiagatik. Iraupenagatik baizik. Lehen aldiz, Lurra suntzitzeko moduan gaudelako eta, desberdintasunak desberdintasun, «denok tren berean goazelako» .

Gaur egun, hazkundea da paradigma, politika ekonomikoen eta enpresa gehienen ardatza. Ekonomia haziz doan arren, munduko biztanle gehienak txiroak dira, eta hemen prekarietatea areagotzen ari da, familien zorpetzea handitzen… Zergatik dago tarte hori ?

Barne produktu gordina bihurtu da alfa eta omega, hazkunde ekonomikoa neurtzeko termometro bakarra, aintzat hartu gabe gizartean, ingurumenean edo biztanleen espirituan dituen ondorioak. Neurgailu hori bakarrik badugu, eta aberastasuna soilik dirutan eta salgaietan bakarrik neurtzen badugu, kanpoan uzten ari gara ingurumenaren suntsiketa eta gizartean dituen ondorioak. Kohesioan, zatiketan, bazterketan…

Viveretek berak dio edozein hondamendi edo istripu barne produktu gordinak ekarpen gisa ikusten duela.

Hala da. Prestige, Erika, errepide istripuak, lan istripuak…, gastuan eta negozioan islatzen den datu oro hazkundean islatzen da. Zentzugabea da. Hondamendiak prezio gisa balioesten dira; boluntarioen lana, aldiz, ez da zenbatzen aberastasun gisa: petroliontziak salbatzera joan zirenen lana, interesik gabe adineko jendea zaintzen dutenek egiten duten ekarpena… Borondate oneko egitasmoak diru gisa zenbatzen ez badira, baliorik ez dutela dirudi. Porto Alegreko Munduko Gizarte Foroan nazioarteko elkartasun sozioekonomikoaren sarea sortu zenean, giza garapenaren adierazleak sendotu eta sustatzeko eztabaida piztu zen, adierazleok BPG osatuz joan zitezen. Beste begirada batzuk egon daitezen, aberastasuna zer den eta.

Hots, aberastasunaren kontzeptu aberatsagoa aldarrikatzen duzue.

Bai, kultura balioetan, kohesioan, osasunean, bizikidetzan, aisia kontuetan… gizaki moduan bizitza duin egiten duena, gai ekonomikoa giza balioaren eta etikaren menpe geratzen delako.

Ukitzearekin dena urre bihurtu baina azkenean gosez hil zen Midas erregearen mitoarekin alderatu duzue egungo gizartea liburuan. Egungo ereduaren bidetik, zein arrisku daude?

Egungo eredua behin eta berriz salatua izan da. Kyotoko Protokoloaren porrotak, klima aldaketak, petrolio, gas eta beste baliabide fosilen agortzeak erakusten du hemendik 50 urte barru ezinezkoa izango dela norabidea aldatzea. Ondorioz, iraupenagatik beragatik, horrek irizpide etikoak, ekologikoak eta sozialak ezartzera behartzen du, Lurra arduratsua eta bizigarria izan dadin.

Ez da, beraz, aldarrikapen ideologikoa, bizirik irautekoa baizik.

Elkartasunaren ekonomian eta herritarren mugimenduan eztabaida horiek proposatzen ditugunean, ez da definizioetan erudizioa bilatzeko, baizik eta gure gizarte demokratikoek bere norabidean kalitate demokratikoa gehitzeko. Hots, ekonomia politikaren, etikaren eta justizia ekonomikoaren menpe egon ahal izatea, azken finean.

Erroan, ekonomiaren esanahia etxearen kudeaketa da. Orain eztabaida ekonomikoaren erdian daude klima aldaketa eta ingurumenaren kalteak. Aldiz, agintarien artean, hitzetatik haratago, ez dirudi etika ekonomian ere barneratzeko beharra askotxo praktikatzen denik.

Denetarik dago. Liburua kaleratzean, bat egin dugu mugimendu kooperatiboak eta elkartasun ekonomiak dituen eztabaidarekin. Hots, pertsona dela garrantzitsuena. Pertsona, bizikidetzarako eta harremanetarako bere inguruabarrekin. Loturak ondasun ekonomikoak baino garrantzitsuagoak dira, eta ekonomiak printzipio demokratikoen menpe egon behar du. Horregatik diogu gauza bat dela lehiakortasuna eta merkatua duen ekonomia, eta beste bat lehiakortasuna ideologia bihurtzea eta gizartearen merkatu bihurtzea, bakarrik eskariak eta eskaintzak gobernatua, edo erosi eta saldu dogma bihurtua. Badaude diruak erosten ez dituen gauzak, prezioa baino balio handiagoa dutelako.

Nola egin, baina, adierazle ekonomikoek giza balioak jaso ahal izateko bidea?

Garapen handia dago gai horretan. Nazio Batuen Agenda 21, adibidez, zer motatako lur iraunkorra nahi dugun zehazteko estrategiak ezartzen ditu, parte – hartze prozesuaren bidez. Berez, garapen iraunkorrari buruz Rio de Janeiroko goi bileran egindako gomendioak eskualde eta tokiko mailetara ailegatu dira. Ondorioz, ekologia kontuan hartzen duten irizpideak ezartzen ari dira. Aldiz, ez da hori egiten bazterketa eta pobreziaren moduko gai sozialekin. Badirudi pobrezia eta bazterketa zelofan orri batekin estal daitekeela, eta esan aberastasuna dagoenean iritsiko direla ogi apurrak. Gero eta aberastasun handiagoa izanik, pobrezia konponduz joango dela. Baina alboratu egiten dira herrialde pobreak eta aberatsak egotea ahalbidetzen duten mekanismoak; horiei ez zaie erreparatzen. Ekologia, etika eta gizarte faktoreek diote sei planeta behar direla herrialde guztiek Lehen Mundukoen xahutze erritmoari eusteko. Gandhik zioen: «Munduan denon beharrak asetzeko baliabideak eta ondasunak badaude, baina inoiz ez dira nahikoak izango pertsonen diru gosea asetzeko».

Eta gure gizartea prest al dago horrek benetan esan nahi duena onartzeko?

Horren jakitun balitz, ondorioak zein diren jabetuko balitz eta ezkutuan diren egia deserosoak onartuko balitu, bai. Mendeetan aberatsak eta txiroak egon dira, beti egon dira gerrak, batzuek sufritu egin dute eta besteak aberastu egin dira. Gaur, berritasuna da planeta deuseztatu ahal dugula. Alarma piztu da, eta interes ez – ideologikoen eta klase interesen koalizio handia sortu da, iraupena eta kalitatea lehentasun gisa hartzen duena. Hori da informazio garaiaren berritasun handiena.

Baina ba al dago borondaterik?

Taldearen eta demokraziaren indarrez mobilizatzen den zerbait da borondatea. Baita balio handiak bat etortzen direnean ere: bizitzaren balioa, bakearen balioa, senidetasunaren balioa, ama lurrarena… horrek batzen gaitu. Historikoki batzuk pentsatzen zuten bagoi batzuk bidetik irtetea ez zela arazoa, baina denok tren berean goaz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)