Demokristauek zail izango dute gobernu koalizioa errepikatzea

Berria, 24-11-2006

erredakzioa

Irabazi dute, baina ez espero zuten bezala. Gobernukide zituzten liberalen beherakadak zaildu egingo die berriz koalizio gobernua osatzeko aukera Jan Peter Balkenenderen demokristauei. Horien 41 diputatuak eta liberalen 22ak gehituz gero, ez dira ailegatzen gehiengora, hau da, 76 diputatura. Horretarako, alderdi txikiagoen laguntza beharko lukete, esaterako, Kristau Batasunarena eta Askatasunaren Alderdiarena. Horiek sei eta bederatzi diputatu lortu dituzte, hurrenez hurren. Arazo bat dago, ordea, Kristau Batasuneko buru Andre Rouvoetek iragarri du ez dutela bat egingo liberalekin, horiek immigranteen inguruan agertutako jarrerarengatik.

Beste aukera bat litzateke demokristauek laboristekin eta Kristau Batasunarekin bat egitea. Koalizio horrek gehiengoa izango luke Legebiltzarrean, 79 diputaturekin. Baina horrek ere badu oztopo bat, bi alderdi nagusien arteko harremanak okertu egin dira, Immigrazio ministro Rita Verdonk liberalak herrialdean bizi diren milaka etorkinak bidaltzea agindu zuenetik. Etorkinei barkamena eskatzeko exijitzen diete laboristek demokristauei.

Bestalde, aipagarria da muturreko alderdiek egindako gorakada. Askatasunaren Alderdiak, adibidez, bederatzi eserleku izango ditu Legebiltzarrean. Musulmanen kontrako politika bultzatzen dute horiek. Alderdiko buru Geert Wildersek berak heriotza mehatxu ugari jaso ditu. Besteak beste, Turkia Europako Batasunean sartzearen aurka eta burka debekatzearen aldeko kanpainak bultzatu ditu Wildersek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)