Immigrazioari buruzko testu bateratuan ados jarri dira Afrika eta EB

Berria, 24-11-2006

erredakzioa

Tripolin (Libia) egin duten konferentziaren amaieran immigrazioaren inguruko aldarrikapen bateratuan ados jarri dira Europako Batasuna eta Afrika. Immigrazioari buruzko nazioarteko aurreneko bilera izan da. Nekez hitzartutako testu hau, dena den, adierazpen orokorretan geratu zen. Afrikako herrialdeen garapena diruz laguntzeko funts baten sorrera hitzartu zuten. Legez kanpoko etorkinak etxeratzeko beharra ere jaso zuten testuan.

Europan legez kanpo sartutako etorkinak berriz jatorrizko herrialdetara bidaltzeko proposamenak sortu zituen arazo handienak. Tripoliko konferentziaren amaierako aldarrikapenak zera azpimarratzen du: «Herrialde partaideek garrantzia aitortzen diete, arazo honen inguruan, aurretik hitzartutako akordioei; Cotonuko hitzarmenari edo Euromediterraneoko itunari». 2000. urtean sinatutako Cotonuko hitzarmenak zehazten zuen Afrikako, Pazifikoko eta Karibeko herrialdeek, alde batetik, eta EBk, bestetik, Europan legez kanpo sartutako etorkinen etxeratzeko xedapenak finkatuko zituztela.

BEHARREN ARABERAKO KUOTAK. Legezko immigrazioaren kontura, EBko Justizia, Askatasun eta Segurtasun komisari Franco Frattinik adierazi zuen EBko lan merkatua Afrikako etorkinei ireki behar zaiela, baina «herrialde bakoitzaren beharren araberako kuota sistema bat finkatuta». Afrikako herrialdeen garapena diruz laguntzeko funts baten sorrera aztertzeko, berriz, lan talde baten eratzea besterik ez zuten adostu Tripoliko bilerako partaideek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)