Blues eta txalo
Pata Negra taldea berriro ari da kontzertuak ematen; Antsoainen, Gasteizen eta Bilbon joko du egunotan
Berria, 23-11-2006Pata Negra taldea berriro ari da kontzertuak ematen; Antsoainen, Gasteizen eta Bilbon joko du egunotan
Rafael eta Raimundo Amador anaiek osatu zuten hastapenetan Pata Negra, soula eta rocka flamenkoarekin uztartzen duen taldea. Sevillakoek (Espainia) Veneno sortu zuten lehenago, 70ko hamarkadan, Kiko Venenorekin batera. Raimundok bakarkako bideari ekin zionean, Pata Negrarekin jarraitzea erabaki zuen Rafael Amadorrek.
Askoren ustez, Raimundoren erabakiak asko baldintzatu zuen taldea. Izan ere, urte luzeak eman ditu Pata Negrak oholtzara atera gabe, disko gehiago kaleratu izan dituen arren. Flamenkoa oinarri duen formazioa biziberritu nahian dabil Rafael Amador azkenaldian, buru – belarri, eta taldearen osasuna nolakoa den erakutsiko du Euskal Herrian emango dituen hiru kontzertuetan: gaur Antsoaingo (Nafarroa) Artsaia aretoan, bihar Gasteizko Azkenan eta etzi Bilboko Kafe Antzokian. Hiru kontzertuak 22:00etan hasiko dira.
«Pata Negraren historian bidaia egingo dugu, eta aldi berean pare bat kantu berri aurkeztuko ditugu», esan du kontzertuotako errepertorioaz. Gitarra jotzeaz gain, abestu ere berak egiten du. Bateria eta perkusio jotzailea, berriz, Luis Amador semea da. «Odol berria sartu da taldera, semeaz gain Emilio Fernandez, Carlos Ortega eta Pepe Pulido baitaude, eta gaztetasunak indarra dakar». Andres Herrera El pajaro – k osatzen du seikotea, Amadorren alboan urteak eman dituen musikari eskarmentudunak.
KONPOSITOREA ETA PATRIARKA. 3.000 Viviendas izeneko auzokoa da Rafael Amador, Sevillako gune esanguratsukoa. «Zital asko bizi dira han, eta janari asko galtzen da alferrik», dio irribarre bate – kin. Han hazi eta han hezi zen flamenkoan, eta, musika zainetan gora eta behera zuela, gitarra elektrikora egin zuen salto. Pata Negra, Rock gitano, Guitarras callejeras eta Blues de la frontera kaleratu zituzten 80ko hamar – kadan. Bluesaren eragina nabarmena da, batez ere azken lan horretan, eta nazioartean ere so – na handia hartu zuen Pata Ne – grak.
Rafael Amador ijitoa da, eta harro ordezkatzen du bere herria, musikagilea izateaz gain ijitoen patriarka ere bai baita. «Gogo handiz» dator Euskal Herrira, Pata Negraren musikaren jarraitzaileak «edonon» aurkituko dituela jakitun. «Europako iparraldean aritu gara, eta han ere gure jendea izan dugu aurrez aurre».
Aspaldian ez du diskorik kaleratu Pata Negrak, baina taldea asko indartzen ari da asteotako birarekin, eta dagoeneko Rafael Amadorrek konposatu ditu hainbat kantu berri. Haiekin disko bat ateratzeko asmotan da, baina proiektuak ez du egunik. Taldeak emango dituen kontzertuetara joaten direnek Pata Negraren kantu berriak eta zaharrak entzuteko aukera izango dute.
Lekua: Antsoaingo Artsaia aretoa. Eguna: Gaur, 22:00etan. Salneurria: 18 – 21 euro.
(Puede haber caducado)