Immigrazioari buruzko lehen nazioarteko bilera egin du EBk Libian

Berria, 23-11-2006

erredakzioa

Afrikako eta Europako Batasuneko herrialde guztiak ari dira parte hartzen Libiako goi bileran. Azken urteotan Europako agintarien kezka eragin zuen paperik gabeko etorkinen auzia aztertzea da helburua atzo hasitako bilkuran. Bertan dira, besteak beste, Aljeria, Ghana, Nigeria, Niger, Alemania, Italia, Erresuma Batua eta Espainiako ordezkariak.

Lau dira eztabaidatuko dituzten puntu nagusiak: «legezko emigrazioa» bultzatzea eta paperik gabekoena gelditzea; emigrazioak garapenean duen eragina; errefuxiatuei eman beharreko babesa; eta Afrikako herrialdeetako gatazkak. Horretaz gain, gizakien trafikoa amaitzeko neurriak hartuko dituzte agintariek.

Bestalde, Europako Batzordeak Afrikaren garapenera bideratuko dituen 17.000 milioi euroek immigrazioaren arazoa konpontzeko balioko duten itxaropena agertu zuen herenegun Batzordeko presidenteorde Franco Frattinik. Haren arabera, immigrazioa mugatzeaz gain, Europan bizi diren etorkinen integrazioa ere bultzatu behar da, «Frantziako istiluak Europa osora zabal ez daitezen».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)