Bilboko etorkinen bazterra

Bilboko San Frantzisko auzoaren eraikuntzari buruzko ikerketa argitaratu berri dute liburu batean. Jose Ignacio Salazar Bilboko ikertzaileak egin du.

Berria, 22-11-2006

mikel carramiñana

Bilbo

Hiriburuetako hirigintzaz hitz egiten denean hirietako erdiguneak izaten dira hizpide nagusiak, auzoen kaltean. Abandoibarrako ingurua da gaur egungo Bilboko ezinbesteko erreferentzia eta badirudi askori ahaztu egiten zaiela hiria Zazpikaleetan jaio zela, Guggenheim museoa eta enparauak sortzeko zazpi mende falta zirenean. XIX. mendean, Bilboko Zabalgunea deritzona eraikitzen hasi ziren, biztanleak gero eta gehiago zirelako. Alabaina, gauzak ez zituzten egin behar bezala, eta hiriko bazterretako auzoetan hasi zen jendea pilatzen, Bilbo aldera lanera etortzen ziren etorkinak bereziki.

Historiaren jirabirak direla medio, etorkinak dira berriro ere San Frantzisko auzoan bizi – baldintza kaskarretan bizi direnak. Espainiako lurraldeetakoak ziren XIX. mendekoak, eta afrikarrak, batez ere, gaur egungoak.

Edonola ere, aspaldikoa da baldintza trakets horien sorburua; besteak beste, iraganeko zinegotziek hartutako erabakiek eta arkitektoek planoetan marraztutako marrek eragin zituzten oraingo trabak.

Bilborekin bat egin baino lehenago, Abandoko Elizateko parte zenean, Balmasedarako Bidea esaten zioten bilbotarrek gaur egungo San Frantzisko kaleari. Gerora, izen bereko auzoaren ardatza bilakatu zen hori.

Jose Ignacio Salazar ikertzaile bilbotarrak auzo horren sorrera eta hazkundea aztertu ditu eta liburu batean plazaratu berri du azterketa: La otra orilla: Formación del barrio de San Francisco (1870 – 1900). Surbisa erakunde publikoaren eskutik argitaratu du ikerketa lana. Azken urteetan inguru horretako auzoak zaharberritzeko lanean ari den erakundea da Surbisa.

Bilborekin bat egin zuenetik auzo gehiena urbanizatu zuten arte aztertu du Salazarrek San Frantzisko auzoaren historia; 1870. urtetik 1900era arte, hain zuzen ere. Bizkaiko hiruburua inguratzen zuten auzoetatik jendetsuenetarikoa zen Bilbo Zaharrekoa XVIII. mendearen amaierarako, 10.000 biztanle inguru pilatzen baitziren bertan. Hiriko hazkunde demografikoak eraikuntza gehiago eta auzo gehiago eskatzen zituen eta, erantzun gisa, Zabalgunearen egitasmoa jarri zuten martxan.

ETORKINEN AUZOA. Amado Lazarok sortu zuen Zabalgunea gauzatzeko lehenengo proiektua, 1862an, eta, harrigarria badirudi ere, gaur egungo San Frantzisko auzoko zati handi bat hartzen zuen bere gain. Lazaroren egitasmoa, jakina, ez zen inoiz gauzatu; bestela, San Frantziskoko kaleak Abandokoen antzekoak izango lirateke gaur egun.

Azkenean, ondo egituratutako hirigintza dirudunen etxebizitzak egiteko erabili zuten, eta milaka langile etorkinak auzo pobreetara baztertu zituzten.

Liburuak aztertzen duen auzoarena kasu berezienetarikoa da; izan ere, hiriko muga geografikoetan kokatutako auzo txiroak ez bezala, San Frantzisko Bilboko erdigune komertziala bilakatu zen eremutik hurbil zegoen. Abandoko tren geltokia bi auzoen arteko hesi erraldoia bihurtu zen, Cantalojas zubiarekin gainditzen saiatu ziren arren. XIX. mendeko azken hamarkadan Zabala, Mena eta Amparo kaleak ireki zituzten eta Bailen kalea eraikitzen bukatu zuten. Ordurako, Bilboko biztanleriaren ia heren bat bizi zen San Frantzisko aldean.

Bilbo Zaharreko kaleetan, hiri gehienetan bezala, jarduera publiko eta pribaturik desatseginenak jasan behar izan zituzten auzokoek. Bolbora lantegia, esate baterako, Urazurrutian zegoen, Galera etxetik gertu, oso arriskutsua zen arren. Horrez gain, kartzela ere bazuten auzoan, inoren gustukoa ez zen zerbitzu publikoa. Usain txarrak izango ziren, alabaina, Urazurrutiko kaian jasan behar zuten gauzarik okerrena; izan ere, hiriko zabor guztia handik itsasoratzen zuten, gabarren bidez.

Askotariko informazio iturriak erabili ditu Salazarrek ikerketa lanerako: hirigintza, hezkuntza, eta hauteskundeei buruzko txostenak, udaletako garai bateko 158 akta liburu, Bizkaiko Foru Aldundiaren artxiboak, Bizkaiko Elizaren artxibo historikoa eta XIX. mende bukaerako El Noticiero Bilbaino egunkariaren dozenaka ale, batzuk aipatzearren.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)