INONGO-VI-MAKOME . Idazlea
Kamerunen sortua da, eta Kataluniako biztanlea; etorkina da, eta, esperientziaz haratago, immigrazioarekin loturiko gaietan aditua. Liburu sorta bat du kalean.
Berria, 19-11-2006arantxa iraola
Inongo – Vi – Makome idazlea (Lobe, Kamerun) Gakoa argitaletxeak argitaratutako Población negra en Europa. Segunda generación. Nacionales de ninguna nación liburua aurkezten ari da egun hauetan. Etorkinen begiekin begiratzen badaki, etorkina delako, baina immigrazioaren fenomenoa aztertzeko begi hotzak ere baditu. Argi ikusteko.
Kamerungoa zara zu sortzez. Nola ikusten da handik Mendebaldeko mundua?
Aukerak ematen dituen leku baten moduan ikusten da Mendebaldea. Orain urte batzuetako etorkinak ikastera etortzen ginen Europara, ikasi eta etxera itzultzeko asmoarekin; orain nagusitzen ari den immigrazioa, ordea, ekonomikoa da, huts – hutsean. Jendea lanera dator. Jendea, berez, ez dabil hemengo bizi ereduaren bila; izan ere, bizitzaren ikuspegi ekonomiko – zientifiko honek ez du gizakia gizaki egiten. Alde materiala da egungo etorkinak bultzatzen dituena. Bizi egin behar dute. Bizitza honetan ez dago pobrea izatea baino txarragorik; pobrea eta ahula zarenean, ez dugu eskubiderik, eta ahalmenik ere ez.
Eta nola egin etorkinak ondo gizarteratzeko?
Etorkinei eskatzen zaien integrazioa, legezko integrazioa da; lana ematen zaie, hemen inork nahi ez dituen lanak, eta gero haiek ere kontsumo katearekin bat egitea nahi da. Besterik ez. Baina ez da hori lortu behar den integrazioa. Etorkinen inguruan dagoen karitatearen kultura hori amaitu egin behar dugu. Orain, jada, badira hemen etorkinen familietan sortutako neska – mutilak, eta haiek, gainerako neska – mutilekin batera hazteko aukera izan behar dute, parez pare. Eskaintzen zaien karitate horren aurka agertzera animatzen ditut ni.
Haserre azaldu ziren, esaterako, orain urtebete Frantziako hirietako bazter auzoetan. Noizean behin pizten den sua piztu zuten…
Frantzian, hain justu, legezko integrazio klase hori besterik ez da gertatu, eta hori da arazoa. Gazte horiek frantziarrak dira legez, baina hirugarren edo laugarren mailako herritarrak. Eta hori ez dute onartzen. Etorkinen lehenengo belaunaldiek bai, lanik txarrenak hartu zituzten, eta bazterrean utziak egotea ere onartu zuten. Frantziako eskoletan besteekin batera ikasi duten etorkinek, ordea, ez dute nahi hori beraientzat. Ez dute bazterrean egon nahi. Frantzian hasiera – hasieratik gauzak ondo ez egiteagatik piztu dira liskar horiek, etorkinak baztertuta edukitzeagatik.
Frantziak ez du asmatu. Europa, oro har, asmatzen ari da auzi honetan edo nahastatuta dago?
Europarrak, gizaki zuriak, nahastuta ikusten ditut nik. Izan ere, nik esaten dut ez dutela pentsatzen. Lasterka egiten dute, korrika bizia, gelditu ere egin gabe, baina arrapalada horretan ez dute orainik. Korrika bizitze horretan ez dakite zer egiten duten, zer ari diren suntsitzen. Mundua kolonizatu dute, bizi eredu ugari suntsitu dituzte, eta orain immigrazioaren arazoa, hein batean, horrek ekarri du. Europak berak ez daki zer duen aurrez aurre, eta nora ezean dabil.
Eta zer egin behar da gizarteratzearen zimenduak hasieratik ondo jartzeko?
Etorkinek, eskubideak hartzearekin batera, ardurak hartu behar dituzte. Talde politikoetan parte hartu behar dute, nola eskuinekoetan, hala ezkerrekoetan, ez zait axola. Eta ez dute izan behar arrotza den beste elementu folkloriko hori. Halako herrialdetako herritarrak direla onartzen badugu, ba herrialde horretako herritar beltzak izango dira. Osoak. Hori da etorkizunean herrialde horretan herritar beltzen populazioa baztertu gabe egoteko modu bakarra. Baina, horretarako, asko pentsatu behar da, eta oinarri – oinarrian egin behar dira gauzak ondo.
Eta nola oreka dezakete guraso etorkinek gizarte berrian haurrak integratzeko prozesua sorterriko kulturaren berri ematearekin?
Lehenik eta behin, ulertu behar dute seme – alabak herrialde berrian haziko direla, eta bertako egin behar dituztela. Etorkizunean pentsatu behar dute. Gero, etxean sorterriko hizkuntzan jardun nahi dutela? Oso aberasgarria da hori. Oreka hori ondo eraikitzeak duintasun eta nortasun handia ematen die etorkinen seme – alabei, eta, bide batez, gizarte osoari. Baina gurasoak hezi behar dira aurrena horretarako. Izan ere, askotan eskolaren lana dela uste dute.
Arrazismoak eta xenofobiak zenbateraino zaildu eta eragotz ditzakete prozesu horiek?
Horrek ez nau kezkatzen. Gizakiak beti izan ditu era horretako jarrerak, eta geroan ere izango ditu. Gizateriak aurrera egin du, baina era horretako jarrerak ez dira desagertu. Arrazista izan nahi duena, izan bedi arrazistaren problema. Pertsona gaixoak dira, eta irents bezate beraien gaixotasuna. Saihestu behar da, hori bai, pertsona horiek indarkeria erabiltzea, erasoak egitea. Gainerakoan? Bost axola. Egin dezatela nahi dutena. Ez naute ikusi nahi? Ba niri bost. Beraien arazoa da, ez nirea.
(Puede haber caducado)