Hendaiako atxikitze zentrotik pasatzen diren etorkinen %68 kanporatzen dituzte

Gara, 18-11-2006

Abenduaren 31n Hendaiako etorkinen atxikitze zentroa botako dute, eta 18 hilabetez, oraingo zentroaren edukiera bikoiztuko duen beste zentro bat eraikiko dute. Berritasun horren karietara, Cimadek, Hendaiako zentroan etorkinen eskubideak bermatzeaz arduratzen den elkarteak, azken urteotan handik pasatu diren etorkinen kopuruak aurkeztu ditu. Aldi berean, atxikitze zentroen errealitatea agerian uzten duen argazki erakusketa bat aurkeztu du Cimadek.

BAIONA


Cimadek 2002ko abuztutik lege laguntza eskaintzen du Hendaiako atxikitze zentroan. Hiriko Cimadeko arduradun Christophe Piedrak adierazi zuen 2002tik zentrotik pasatu diren 2.176 pertsona lagundu dituela elkarteak, eta zentroan izan diren etorkinen %85i lege laguntza eskaini diela nabarmendu zuen. Horietatik 1.858 gizonak izan ziren, eta 318, emakumeak. Etorkin horien %68 kanporatu zituzten.

Azken lau urteetan zentroan egon diren pertsonek batez beste lau urte zeramatzaten frantses Estatuan bizitzen. Beste alde batetik, Piedrak nabarmendu zuen Hendaiako zentroan egoten diren pertsona gehienak bi estatuen arteko muga zeharkatzean atxilotu zituztela. 2002. eta 2003. urteetan zentroan egon ziren pertsona gehienak Afrika iparraldetik etorritakoak ziren; gaur egun, aldiz, gehienak jatorri errumaniarrekoa direla esan zuen.

Hendaian ematen duten laguntzaz gain, duela bi urtetik Baionan ere talde egonkor bat dago. Talde hori epaitegietan etorkinekin zerikusia duten batzar eta epaiketa publiko guztietara joaten da, eta etorkinen harrera ere egiten du. Azken bi urteetan 25 txosten landu ditu; hau da, 50 pertsonari laguntza eskaini die, eta horietatik sei gelditu ahal izan dira frantses Estatuan.

Bestalde, taldeko kideek nabarmendu zuten azken urteetan Nicolas Sarkozy Barne Ministroak 2003an atera zuen legearen ondorioz, etorkin asko beldurragatik legez kanpo bizi direla. Baionako taldeko ordezkari Suzanne Bouchetek adierazi zuen: «Egiaztatu ahal izan dugu legearen etapa zenbaitek klandestinitatera bultzatzen dutela».

Argazki erakusketa


Frantses Estatuan urtero 30.000 etorkin hartzen dituzten 24 atxikitze zentro daude, baina komunikabideetarako bertako egunerokotasunera hurbiltzea ezinezkoa da. Zentroetan presente dagoen elkarte bakarra da Cimade, eta, lehen aldiz, bertako egoera ezagutarazteko eta zentroetan egoten diren pertsonen eskubideak aldarrikatzeko argazki erakusketa bat prestatu du. Ipar Euskal Herriko Cimadek Baionako L’Autre zinema aretoan aurkeztu du erakusketa. Bertan, estatuko zentroen argazkiekin batera, Hendaiako atxikitze zentroko argazkiak ere ikus daitezke.

Erakusketak lau atal ditu. Lehen partean, etorkinak zentrora ailegatzen ikusten da. Hainbat pertsonaren irudiez gain, zenbait atxikitze zentroren irudiak daude, eta kartzelak ez izan arren, hezi egiten dute eta murruak dituzte.

Bigarren zatian, Cimade etorkinen eskubideak ziurtatzen dituen elkartearekin egiten dituzten elkarrizketak eta bideratzeak ikus daitezke. Presazko izapideak izaten dira beti. Frantses Estatuko legediaren arabera, etorkinak herrira bideratzeko agindua ezeztatzeko izapideak egin ditzaten 48 orduko epea besterik ez dute.

Hirugarren atalean, zentroan dauden pertsonen egunerokotasuna erakusten da. Logelak, egongelak… Irudi horietan, eraikinean dauden pertsonen itxaronaldia agertzen da. Denbora oso luzea egiten da, han egoten diren pertsonak larri egoten baitira beren etorkizunak hartuko duen norabidearen beldur.

Laugarren parteak etorkinen abiatzea erakusten du. Atxilotzen dituzten pertsona gehienak beren herrietara edo Europar Batasuneko beste herrialdeetara igortzen dituzte. Atal horretako argazkietan jendearen sufrimendua agerian gelditzen da, askotan zentroetan egoten den jendea azken mementora arte ez baita konturatzen kanporatuko dutela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)