Azkoitia, kulturen bilgune
Kulturarteko III. Astea egiten ari dira Azkoitian, bertakoen eta etorkinen arteko harremana sustatzeko
Berria, 08-11-2006Erredakzioa
Donostia
Poliki-poliki gero eta etorkin gehiago ditugu Euskal Herrian, baina sarritan zail egiten zaie herrian integratzea. Hala, etorkinen eta bertakoen arteko harremanak sendotzeko, Kulturarteko III. Astea egiten ari dira Azkoitian. Atzo ekin zioten horri, Emakume etorkinak: presentziaren ikusezintasuna hitzaldiarekin. Ostirala arte iraunen dute ekitaldiek.
Egitarau zabala prestatu du Azkoitiko Etorkinen Udal Kontseiluak, Elkar Ezagutuz izenburupean, hirugarrenez. Atzoko hitzaldiaren ondotik, bertze bat izanen da bihar: Atzerritarren Legeari buruzkoa. Ostiralean, berriz, Domicilio privado filma ikusi ahal izanen da. Bere etxean gatibu hartutako familia palestinar baten kontuak kontatzen dira bertan.
Egun handiena larunbata izanen da. 10:00etatik aurrera, Nazioen Arteko Futbol Txapelketa jokatuko dute, Urola Institutuko zelaian. Bertzeak bertze, marokoarrek, aljeriarrek eta azkoitiarrek parte hartuko dute. Egunari segida ona emateko, 13:30ean, bazkari arabiarra izanen da Xabier Mu-nibe ikastolako jangelan. Eta, eguna behar bezala bukatzeko, Ttakunpa taldeak musika eta dantza afrikarren emanaldia eskainiko du Kontzejupen, gaueko 22:00etan.
noiz zer
Azaroaren 9an. Atzerritarren Legeari buruzko hitzaldia, 19:00etan, Kultur Etxean.
Azaroaren 10ean. Domicilio privado filma, 22:00etan, Baztartxon (doan)
Azaroaren 11n. Futbol txapelketa, bazkari arabiarra eta musika afrikarra.
(Puede haber caducado)