Iparraldea hustuta, hegoaldean dira orain arrantza multinazionalak
Globalizazioa zuzenean nozitzen dutela azaldu dute mundu osoko arrantzaleek Donostian
Berria, 05-11-2006Irune lasa
Donostia
«Guztienak diren baliabideak pribatizatzen ari dira». Hori da, Harekrishna Debenathen ustez, arrantza modu industrialak erabiltzen dituzten multinazional handiek duten jokabidea. Hori da globalizazioaren ondorioa. Indiako 20 milioi arrantzaleren izenean hitz egiten du Debenathek, Indiako Arrantzaleen Federazio Nazionaleko presidenteak.
Eta, behin ipar hemisferioa erabat ustiatu dutenean, hegoaldera mugitu dira konpainia handi horiek, euren arrantza moduekin eta hango baliabideekin berdin ari dira, neurri gabe arrantzan, gizaldietan arrantza modu iraunkorrekin bizimodua atera duten tokikoen iraupena bera arriskuan jarriz. Gehiegizko ustiaketa nahikoa ez balitz bezala, kutsaduraren eta klimaren aldaketaren erruz, arrantza baliabideak nola murrizten diren ikusten dute arrantzale xumeek. Haien ordezkariek gordin hitz egin zuten atzo Donostian.
Arrantzaleen Munduko Foroa (WFFP) bilkura exekutiboa egiten ari da egunotan Euskal Herrian. WFFP Loctudyn, Bretainian, eratu zen 2000. urtean, arrantza modu tradizionaletan aritzen diren munduko arrantzaleen bilgune izateko xedez. Joan den ostegunetik asteartera arte Donibane Lohizunen dira, baina atzo, jardunaldia egin zuten Donostiako Aquariumean.
Senegalgo Dao Gayek bere herrialdeak bizi duen gurpil zoroa azaldu zuen. Europako ontziak Senegalgo uretara doaz arrantzara, maiz legez kanpo. Eta Senegaldik gazteak datoz etorkin Europara. Gero eta arrantza gutxiago, gero eta arrantzale gutxiago eta gero eta arrantzontzi gutxiago gelditzen dira Senegalen.
Sri Lankako Herman Kumarak ere gaitzetsi egin zituen hondamendizko tsunamiaren ostean Europatik egindako zenbait proposamen, elkarlanaren izenean bertako arrantza baliabideak gehiegi ustiatzea beste helbururik ez dutelako. Hori bai, herrialdeak hondamendiaren ondoren jasotako laguntza eskertu zuen eta oraindik gehiago behar dutela gaineratu. Izan ere, berreraikitze lanetan, hango gobernuak turismoa lehenetsi baitu arrantzaren gainetik.
KLIMA ALDAKETA ETA KUTSADURA. Guadalupeko arrantzaleen batzordeko presidente Jean Claude Yoyottek ere Frantziako Gobernuaren turismoa ahotan izan zuen: 80ko hamarkadan irlaren garapen turistikoa zela «merkatu bila», ontzitzar bat iritsi zen Guadalupera, kanpoko arrainez lepo betea. «Detergentea bota genion arrainari», azaldu zuen Yoyottek. Denboraldi batez ez zen halako ontzi gehiago agertu irlatik. Bat azaldu zenean atzera, gatazka piztu zen eta handik alde egitea lortu zuten. «Ez dira berriz azaldu, baina adi gaude». Bitartean, klima aldaketarekin eta kutsadurarekin, Guadalupeko arrantza baliabideak murrizten doaz.
Hegoafrikako Lurmuturreko arrantzale Mohammed Naseegh ere kontatu zuen orain arrainik ez dela hurbiltzen kostara. Ez arraste ontziak dabiltzanetik. Bizkaiko Golkoan pelagikoen erruz antxoa desagertzeko zorian dagoen bezala, Robert Alvarezek esplikatu zuen moduan. Eta akuikultura ez da irtenbidea, ez behintzat Hondurasen. Jorge Varelak azaldu zuen nola mangle basoak eta hango fauna guztia arriskuan jarri dute akuikultura ustiapenek .
Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidente ohi Esteban Olaizola ere Aquariumean zen atzo. Lehentasuna baliabideak errekuperatzea dela uste du erretiroa hartuta dagoen Olaizolak. Eta horretarako, hemengo baxurako arrantzaleek ere neurriak hartu beharko dituztela. «Egia da pelagikoek antxoa hondatzen dutela. Baina guk gure ingurasareak ere txikitu beharko ditugu».
(Puede haber caducado)